Edukiontzi berriak ezagutzeko bisita gidatu batekin eta pintxo dastaketarekin agur esan diote Arakaldoko azken edukiontzi handiari. Udalak hondakinak kudeatzeko sistema berria jarri du martxan eta gaur egin du inaugurazio ofiziala, herritarrek eta zenbait politikarik lagunduta. Gaurtik aurrera hondakinen sailkapena ondo egin nahi duten auzokideek askoz errazago izango dute lana.
Helburua, sailkapen datuak alderantzikatzea
Jabi Asurmendi alkateak azaldu duenaren arabera, egun Arakaldon sortzen diren hondakinen %20 baino ez da sailkatzen, hainbat arazo medio. Batetik, orain arte Udalak ez du lan horretan ahal bezain beste lagundu, hondakinak sailkatzeko edukiontziak ez baitzeuden herrian ondo banatuta. Horrez gain, errepide alboko edukiontzietan eraikuntza-hondakinak jasotzen zituzten maiz, herritik kanpo sortutakoak.
Zortzi etxola jarri dituzte Arakaldoko txoko ezberdinetan hondakin mota guztiak biltzeko edukiontziekin, eta konposta egin nahi dutenentzako estrukturantearekin
Arazoari aurre egin eta sailkatze datuei buelta emateko, Arakaldoko Udalak hondakinak kudeatzeko sistema berri bat diseinatu du, beren-beregi herriko beharretara egokituta. Zortzi etxola jarri dituzte Arakaldoko txoko ezberdinetan hondakin mota guztiak biltzeko edukiontziekin eta konposta egin nahi dutenentzako estrukturantearekin.
Etxoletan hondakin mota guztiak sailkatzeko aukera egongo da, baita erabilitako olioak, gailu elektronikoak, etxetresnak eta halakoak ere. Auzokideek bakarrik izango dute etxolak irekitzeko giltza, eta aguazila arduratuko da horiek bildu, ondo sailkatu dituztela baieztatu eta beste gune batera eramateaz, mankomunitateko kamioiak Arakaldon geldialdi bakarra egin dezan. Hala dagokionean, hondakinak Garbigunera eramateaz ere arduratuko da.
Herriko zakarrontzi txikiak ere aldatu dituzte, eta auzokideen artean erosketak modu jasangarrian egin ahal izateko materiala banatu diete: poltsa handiak, tuperrak, jakiak biltzeko poltsak... Hondakinak non sailkatu jakiteko hiztegi bana ere eman diete.
Ez hori bakarrik, nahi izan duten etxe guztietan konpostagailuak jarri dituzte eta herriko gune batean erabilera publikoko konpostagailuak jarri dituzte, etxean erabili nahi ez dutenentzat. Edukiontzien etxoletan beti izango dute estrukturantea eskura auzokideek.
Izaskun Alonso Saratxaga margolari eta diseinatzaile laudioarra arduratu da etxolak margotzeaz
Izaskun Alonso Saratxaga margolari eta diseinatzaile laudioarra arduratu da etxolak margotzeaz. Eskuz margotu ditu guztiak, kolore alai eta irudi atseginez, "zakarra botatzea ez dadin jarduera gogaikarria izan".
Alkateak azaldu duenaren arabera, asmoa sailkatze datuak inbertitzea da: %20tik %75 edo %80ra iristea da Arakaldoko Udalaren helburua. Hori lortuz gero, errefusaren kamioan egun garraiatzen duen pisua %45 murriztuko litzatekeela argitu du proiektuaren aholkularia den Gorka Egiak. Itxaropentsu daude; izan ere, azaldu dutenaren arabera, auzokideen %90ak begi onez ikusi du sistema berria eta jarrera positiboa erakutsi dute.