Aldaketak datoz Arakaldoko Udalera. Jabi Asurmendik alkatea izateari utziko dio, udalean 12 urte igaro ostean. 2011an irabazi zituen hauteskundeak lehenbiziko aldiz, baina, oso tarte txikiarekin, eta txanpona airera botata erabaki zuten nor izango zen alkatea, araudiak hala zehazten zuelako.
2015 eta 2019ko hauteskundeak, aldiz, tarte handiagoraekin irabazi zituen Asurmendik eta, ondorioz, bera izan da alkatea azken 8 urteetan, EH Bildurekin. Asurmendi erretiratuta, koalizio abertzaleak ez du beste hautagairik aurkeztu maiatzaren 28ko zitara.
Hala ere, herriko zenbait lagunek Arakaldoko Taldea izeneko hautagaitza sortu dute, "Asurmendik eginiko lanari jarraipena" emateko, baina "marka politikorik gabe".
Ondorioz, talde horren eta EAJren artean egongo da lehia. 2019an EH Bilduk 51 boto eskuratu zituen, EAJk 43 eta bakarra, aldiz, PSE-EEk.