Zer da Orduña Museoan inauguratu berri duzun erakusketan ikus daitekeena?
2020 eta 2023 urteen artean egindako artelanen lagin txiki bat bildu dut Orduña Museoko erakusketan. Oso gai zehatza landu dut: zuhaitzak eta natura. Paisaiak bildu ditut nagusiki, badaude ere animalien eszenak dituzten artelanak. Baina, nagusiki, zuhaitzen margolanak dira gehienak, eurak dira irudien protagonistak. Zuhaitzen erretratuak egiten ditudala esaten dut maiz. Atentzioa ematen didate zuhaitzen forma okertuek, eta saiatu naiz margolanetan hori islatzen. Iaz Orozkon jarri nuen erakusketa berdina, baina honetarako 12 koadro berri ekarri ditut.
2020 eta 2023 urteen artean egindako obrak direla aipatu duzu. Pandemiak badu nolabaiteko eraginik horretan?
Pandemia aurretik hasi nintzen proiektuan pentsatzen, 2020ko urte hasieran. Pandemiak harrapatu gintuenerako, hasiak nituen margolan batzuk, baina pandemiaren ondorioz gehiago murgildu nintzen proiektuan. Gure udalerri ingurutik mugitzea soilik posible zen garaia probestu nuen inguruko mendietatik are gehiago ibiltzeko. Ni Arakaldon bizi naiz, eta Gorbeia ingurua etxetik nahiko gertu daukat. Hiru urte eman ditut basoetatik irudi bila.
Nolakoa da margolanen sorkuntza prozesua?
Estudio batean egiten dut lan. Menditik paseatzen noala argazkiak egiten ditut eta hori baliatzen dut margolanak egiterakoan erreferentzia gisa. Koaderno batzuk ere eramaten ditut beti soinean, eta ikusten dudanaren bozetoak egiten ditut arkatz eta akuarelekin. Eseri eta ikusten dudana marrazten dut azkar batean. Koaderno horietan jasotzen dudana gida bezala baliatzen dut gero olioarekin konposatzerako orduan. Urduñako Museoko erakusketara ekarriko ditut koaderno horiek, bitrina batean koadroekin batera jartzeko.
Nola definituko zenuke zure estiloa? Zeintzuk dira honen ezaugarri nagusiak?
Argi eta garbi estilo errealista da nirea. Pintzelkada arina gustatzen zait. Nabari dadila pintura dela; mazakoterik utzi gabe, baina nabari dadila. Hiperrealismoa eta margolanak argazki bilakatzea ez zait gustatzen. Nabaritu behar da margolan bat dela; tonua igoz eta pintzelkada arinduz. Teknikoki trementina eta lino olioa erabiltzen ditut pintzeletan. Behin margotuta, margolana amaitzerakoan lehortu eta berniz bat ematen diet lan guztiei, distirak sortzeko.
Zer erabiltzen duzu margolanen oinarri gisa?
Urduñako erakusketan bildu ditudan margolan gehienak ohol edo egurrezko xaflen gainean egindakoak dira. Mihiseak tamaina handiagoko koadroentzako erabiltzen ditut.
Ibilbidea egin duzu pinturaren munduan?
Urte asko daramazkit margotzen, bai. Gaztetan hasi nintzen marrazkiak egiten, asko marrazten nuen. Gerora, Gasteizko Arte Aplikatuen Eskolan ikasi nuen. Asko ikasi nuen bertan. Margotzea musika jotzea bezalakoa da, konposatzen ikasi behar da aurrena. Gitarrak oinarrizko akordeak dituen bezala, pinturak ere badu bere oinarria.
Abstrakziora edo beste edozein estilora jo dezakezu gero; baina aurretik marrazketa oinarri bat izatea ezinbestekoa dela uste dut. Nik neuk ere abstrakzioa egin dut. Erretratuak ere asko landu ditut, batez ere enkarguz eginak. Lan asko egin ditut horrela: bodegoiak, familiaren baten baserri baten margolana…
Aurrera begira baduzu proiekturik esku artean?
Natur-gaiak lantzen jarraitu nahi dut. Asko gustatzen zait eta liluratu egiten nau. Baditut mihise handiagoak prestatzeko asmoa ere. Argia gehiago lantzea da nire asmoa. Efektu atmosferikoak margotu nahi ditut: ekaitzak, egunsentiak… Beti dut proiekturen bat esku artean. Nire burua une oro behartzen dut etengabe marrazten egotera.