Arakaldoko jai batzordeak kaleratu du jai egitaraua

Jone Gartzia Gerra 2023ko eka. 30a, 18:12

Tortilla txapelketa izango da ekintza nagusietako bat. / Aiaraldea.eus

Uztailaren 14tik 18ra luzatuko dira Arakaldoko jaiak eta lau egunez adin eta gustu guztientzako jarduerak izango dituzte herrian. Aurtengo egitarauaren berezitasun handiena artzain txakurraren erakusketa berreskuratu dutela da.

Inoiz baino indartsuago dagoela esan dio Arakaldoko Jai Batzordeak Aiaraldea Komunikabideari. Egitarauan aldaketa gutxi egin dutela ere aitortu dute kideek, baina badakarte berezitasun nabarmen bat: artzain txakurren erakustaldia berreskuratuko dute aurten. Antzina egiten zen jarduera da; baina, zenbait arrazoi medio, azken urteetan ez dute egitarauan jaso. Aurten, ordea, igandeko jarduera nagusietako bat izango da.

Igandea baino lehen, aldiz, beste bi jai egun prestatu dituzte jai batzordeko kideek. Uztailaren 14an, ostiralean, emango diete hasiera herriko jaiei, txupinazoa jaurtiz. 19:00etan izango da hori, eta jarraian buruhandiak, txotxongilo mitologikoak, txorizo eta odoloste dastaketa eta musika izango dituzte herrian. 21:30etik aurrera ikuskizunek hartuko dute nagusitasuna: lehendabizi Xaiborrek girotuko du herria, ostean Yogurinha Borovak eta gauerditik aurrera Xaiborrek ostera ere.

Hurrengo egunean, larunbatean, 11:30ean emango diote hasiera egunari txistu kalejirarekin. 12:30etik aurrera buruhandiak eta txotxongilo mitologikoak bueltatuko dira Arakaldora eta haurrek Mirikirekin dantzatzeko eta jolasteko aukera izango dute, baita txapak egitekoa ere. Ostean, 13:30ean, aparrarekin jolastu ahal izango dute hala nahi dutenek, apar festak herria hartuko baitu.

Arratsaldea ere jardueraz topera izango dute eta protagonista nagusia tortilla txapelketa izango da. 17:30ean lehiaketan izena emateko tartea zabalduko dute eta parte-hartzaileek 19:30ak bitarte izango dute tortillak prestatzeko tartea. Aurtengo epaimahaia Laudioko Bengoa tabernako kideek osatzen dute, antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera.

Horrez gain, sukaldaritza jarduera girotzeko, haur-parkea, herri kirol erakustaldia eta bola txapelketa egongo dira, eta 20:00ean txokolatea banatuko dute. Gauean, ohi legez, musika emanaldiek izango dute nagusitasuna. Txarly Usher y Los Ejemplares laukotea 21:00etan igoko da oholtzara 1980ko hamarkadako post-punk doinuekin, 22:30ean Hotel Ruido bertsio bikoteak eta gauerditik aurrera The Pushermen taldeak funk eta groove jazz doinuak eramango dituzte Arakaldoko oholtzara.

Hurrengo egunean, goizean goiz abiatuko da trikitiak lagundutako diana, 10:30ean. Esan bezala, egun horretako ekintzarik nabarmenena artzain txakurren erakustaldia izango da, hainbat urteren ostean berreskuratu dena. Eguerdian izango da hori, eta ostean, 12:30ean, bermutaren ordua iritsiko da, txarangak lagunduta. Nolanahi ere, 11:00etatik 13:30ak bitartean bolo txapelketa ere egongo da eta 13:00etan igel-toka. Ostean, herri bazkaria egingo dute arakaldoarrek.

Astelehenean atseden hartuko dute eta asteartean emango diete amaiera jaiei, eguerdiko meza, pintxo eta trikiti emanaldiarekin. Arakaldoko Jai Batzordeko kideak gogotsu daude eta egitaraua erlojupean prestatu badute ere, inoiz baino indar eta gogo gehiagorekin hartuko dituzte herriko jaiak.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide