SONIA HIDALGO

“Lehenengo sei hilabeteak oso azkar igaro dira, ikasteko eta antolatzeko hainbeste gauzarekin”

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 22a, 20:33

Sonia Hidalgo, Arakaldoko Udaletxearen kanpoko aldean. / Aiaraldea.eus

SONIA HIDALGO Arakaldoko alkatea da, Arakaldoko Taldea plataformarekin. Eragile politiko berri horren filosofia eta orain arte egin duten lana azaldu ditu elkarrizketan.

Nola sortu zen zuen taldea?

Arakaldoko Taldea proiekzio politikorik ez duen auzo-ekimena da, bere helburu nagusia herria eta arakaldarren bizi-kalitatea hobetzeko proiektuak burutzea da. Marka zuri bat eskaintzeko sortu zen, pertsona guztiek parte har dezaten erabakiak hartzeko prozesuan, antolaketan, funtzionamenduan eta, azken finean, egunez egun herri bat eraikitzen, gozatzeko eta miresteko.

Ia urte erdia egin duzu udalean, nolakoa izaten ari da esperientzia?

Hasierak beti dira gogorrak, egokitu egin behar da, udal makineria guztiak nola funtzionatzen duen ikasi. Biztanle kopuruaren arabera, Udalari astean egun bateko dedikazioa eskaintzen zaio, baina errealitatea da denbora gehiago daramala. Inoiz ez nuen uste erraza izango zenik, baina bai, espero baino lan handiagoa da, baina lan egiteko konpromisoa hartu dugu eta ahalik eta ondoen egingo dugu.

Aurreko udal-gobernu taldeak zer proiekturi eman die jarraipena?

Hondakinen kudeaketa, saneamendu-sarea, sarbideen automatizazioa, hiri-antolamenduko plana eta argiteria publikoaren lurperatzea… proiektu horiei jarraipena emango diegu, besteak beste.

Zure ustez, garrantzitsua da herritarren parte-hartzea; nola bideratu duzu?

Nire ustez, herritarren parte-hartzea funtsezkoa da eredu honetan eta guztietan. Uda igarota, gure asmoa da auzo-batzarrak egitea hiru hilean behin, ideiak azaltzeko, arazoak eta beharrak aztertzeko eta konponbideak emateko, betiere errespetuz.

Zeintzuk dira zuen proiektuak epe laburrera?

Olentzeroren eguna antolatzea, eguneroko gauza txikiak, uraren ihesak, landare-hondakinak (belarra, inausketa, hostoak, etab.) isurtzeko leku bat prestatzea, lorezaintza zaintzea, farolak aukeratu eta jartzea, bideak mantentzea, euskara ikasteko talde bat sortzea, Ugarritza auzoan hornidura-sarea berritzeko proiektu baten aurkezpena, batzordeak eratzea ekitaldiak (kulturalak, jaiegunak, kirolekoak...) egiteko.

Alkate gisa lehen aldiz ospatu dituzu Arakaldoko jaiak, nola baloratzen dituzue?

Antolakuntzarako oso denbora gutxi izan genuen arren, balorazioa oso positiboa da. Auzotarrok jai batzorde bat osatu genuen eta bertan egitaraua erabaki eta lana banatu genuen. Gustu eta adin guztietarako programa anitza egin genuen.

Nola baloratzen dituzu lehen sei hilabeteak alkate gisa?

Egia esan, ikasteko eta antolatzeko hainbeste gauzarekin oso azkar pasatu zaizkit. Uste dut udalerriari dedikazioa ematea lan gogorra eta, aldi berean, gogobetegarria dela, pixkanaka-pixkanaka aurrera goaz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide