Herri-lanetako peoi bat kontratatuko du Arakaldoko Udalak, eta lan deialdia argitaratu du horretarako Lanbiden. Udalerriko bideak eta eraikinak mantentzea izango da behargin berriaren egiteko nagusia. Zehazki, "kutxetak eta arekak garbitzea, sastrakak garbitzea eta eraikinak garbitu eta kontserbatzea" izango ditu zeregin, tokiko erakundeak zehaztu duenez.
Deialdira aurkezteko nahikoa izango da DBHko graduatua edo baliokidea eta B gidabaimena izatearekin. Langilea Arakaldokoa izatea hobetsiko da. Herriko hautagairik aurkezten ez bada, aldiz, "ahalik eta gertuenekoa" izatea bilatuko da.
Peoia hiru hilabetez egongo da beharrean, %57ko lanadian eta 920 euroko soldata gordinarekin.
Hemen ikusi daiteke lan eskaintzaren gaineko informazio guztia.