Hiru egunetan hamaika jarduera proposatuko dituzte Arakaldoko jaietan

Aitor Aspuru Saez 2025eko uztailaren 1a

Hiru eguneko egitaraua prestatu dute Arakaldoko jaiez gozatzeko. / Aiaraldea.eus

Uztailaren 18tik 19ra luzatuko dira Arakaldoko jaiak. Herri txikia bada ere, festarako arrazoiak ez dira faltako. Honezkero bideratuta daukate jaietako egitaraua.

Herri txiki, parranda handi filosofia jarraituko dute Arakaldoko jaietan eta Bizkaiko udalerririk txikienak hiru eguneko egitarau betea eskainiko du uztailaren 18an, 19an eta 20an, gustu guztiak aintzat hartuta.

Esaterako, lehen egunean txupinazoa jaurti eta gero, txorizo eta odoloste jan herrikoia egingo dute auzokideak zein bisitariak energiaz betetzeko. Horren falta izango dute, ze magoaren ikuskizuna amaituta, Zutik erromeriak eramango ditu bere doinuak. Behin kontzertu hori amaituta, postre eta ginda berezia egongo da, Xaibor. DJ eta animatzaileak ikuskizun umoretsu eta dantzagarria egingo du, eta dudarik gabe publikoari horren parte izateko gonbidapena luzatuko dio. Gaua luzatu eta gero, jaizaleek ez dute atsedenaldirako tarte handirik, eta 12:00etan kalejira abiatuko dute. Ordu erdi beranduago buruhandien lana izango da umeak egurtzea eta euren atzetik ibiltzea plaza eta frontoiaren artean. Hori bai, 13:00etan txikienek bi hitzordu izango dituzte, batean txapak egiteko parada izango dute eta bestean apar jaian murgildu ahal izango dira, bainujantzia eta urpekari betaurrekoak erabilita, jarduera horien profesionalen kasuan, gutxienez.

Norberak bere etxean bazkaldu ondoren, gastronomia izango da aitzakia Arakaldo kuadrillaz betetzeko. Hain zuzen, ohikoan arrakastatsua den patata tortilla lehiaketa egingo dute 17:30etik 19:30ak arte eta dozenaka lagunek euren osagaiak, mahaiak eta kozinatzeko tresnak plazan zein elizako ingurutan instalatzea espero dute. Aurten, gainera, Lee junior musikariak pop, rock eta country abestiekin girotuko du tarte hori. Ordu horietan haurrentzako parkea ere prestatuko dute, bolan jokatuko dute eta txokolate janaren txanda 20:30ean helduko da. 

Gauean buru-belarri sartuta oso bestelako musika hautaketa egin dute Arakaldon. Alde batetik, Marea eta Extremoduro rock taldeen tributu banda taularatuko dute eta horren ondoren, aldiz, DJ bat.

 Bi egun horietan gaua eta sasoi fisikoa erre eta gero, iganderako jai itxiera lasaia eta osasuntsuagoa proposatuko du jai batzordeak. 11:30ean abiatuko dute plana kalejirarekin eta pilota partidarekin. Oraindik indarrak eta gogoak dituztenek bola jokoa eta igel toka txapelketan parte hartzeko aukera izango dute eta eguerdian herri kirolen erakustaldiak hartuko plaza. Etxebarria aita-semeak ez dira faltako trikitiaren soinuarekin eguerdia betetzeko. Azkenik, 14:30ean herri bazkaria partekatzeko ordua izango da. Antolatzaileek ohartarazi dute uztailera arte ekintzaren baten ordutegia alda daitekela, baina, funtsean, aipatutako ekintzek osatuko dute egitaraua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide