BIDART LARRAKOETXEA BETES

“Euskal Selekzio moduan jokatzen dugu Gerra Hotzari buruzko mahai jokora, munduko beste herrialdeen aurka”

Txabi Alvarado Bañares 2025eko uztailaren 23a

Bidart Larrakoetxea Betes pandemia garaian zaletu zen jokora. / Aiaraldea.eus

Pandemia garaian zaletu zen BIDART LARRAKOETXEA BETES (Arakaldo, 1992) Gerra Hotzean girotutako Twilight Struggle mahai jokora. Gasteizen egin da aurten joko horren munduko topaketa. Larrakoetxea bertan egon da anfitrioi lanak egiten, eta hirugarren postua lortu du txapelketan. 

Noiz hasi zinen Twilight Struggle mahai-jokora jokatzen? 

Covidaren garaian hasi nintzen. Jokoa nire orduko pisukideak zeukan, eta beste lagun komun batekin batera hasi ginen jokatzen. Hortik pasa ginen online lehiatzera eta orain modu horretan aritzen gara gehienetan. 

Beste mahai joko batzuetara ere jokatu duzu. Zergatik zaletu zara honetara? Badu zerbait berezirik?

Joko hau bi pertsonen artekoa da, ez dago aukera gehiagorik. Kartak ditu, eta baita zortea ere. Hiru faktore horiek sartzen dira jokoan: aurrez aurrekoa, zoria eta kartak. Horregatik, badu antz apurtxo bat xakearekin. 

Horrez gain, Gerra Hotzean girotuta dago. Bigarren Mundu Gerra bukatu ostean hasten da jokoa, eta Berlingo harresia erortzean amaitzen da. Zerk zaletu ninduen? Ba ea, ez da mahai joko oso luze bat, ordu eta erdian amaitu daitezke partidak.

Oso interesgarria da eta partida guztiak dira ezberdinak. Nahiz eta zortea faktore bat izan, baduzu aukera zorte txarrari buelta eman eta irabazten bukatzeko. Ez duzu inoiz sentituko ez duzula zer egiterik, hemen beti dago aukera burua altxatu eta irabazteko. Ikasteko ere balio du, kartak badirelako egiatan jazo ziren gertakariak. 

"Bigarren Mundu Gerra bukatu ostean hasten da jokoa, eta Berlingo harresia erortzean amaitzen da"

Nola jokatzen da?

Bi bando daude: Sobietar Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuak. Tableroa munduko mapa da, eta bost zonaldetan banatuta dago: Europa, Afrika, Ekialde Hurbila, Asia, Hego Amerika eta Ertamerika. Jokalariek lortu behar dutena bada ahalik eta herrialde gehien kontrolatzea, puntuak lortzeko. Hogei puntura iristen den lehenak irabazten du.

Xakearekin antzekotasunak dituela aipatu duzu. Zergatik?

Hamar txanda dira, hiru fasetan banatutakoak: Lehen gerra, erdikoa eta amaierakoa. Fase bakoitzean karta ezberdinak baliatzen dira. Zortzi karta banatzen zaizkio jokalari bakoitzari, eta egin behar duzuna bada susmatu zure aurkariak zer karta dituen, bide batetik edo bestetik joateko. 

Badago beste faktore bat: Gerra Hotzean arrisku bizia zegoen, bi potentziek zituztelako arma nuklearrak eta aukera zutela def con-a batera jaitsi eta mundua suntsitzeko. Bada, hori eragiten duen potentziak partida galtzen du. Horregatik, kontuz ibili behar zara, badaudelako gertakari batzuk def con-a jaistea dakartenak. 

Espazioa ere sartzen da jokoan, garai hartan bazegoelako lasterketa espaziala. Badaude karta batzuk, adibidez, zientzialari alemaniar naziak bahitzeko. Zuri karta hori egokitzen bazaizu, aukera duzu lasterketa horretan pauso bat egiteko. 

Hiru motatako kartak daude. Lehenak, zure aldekoak. Fidel Castro, adibidez, Sobietar Batasunari on egiten dion karta da. NATOren sorrera, aldiz, Ameriketako Estatu Batuei egiten die mesede. 

"Hiru motatako kartak daude. Lehenak, zure aldekoak. Fidel Castro, adibidez, Sobietar Batasunari on egiten dion karta da. NATOren sorrerak, aldiz, Ameriketako Estatu Batuei egiten die mesede"

Pertsonaia eta ekintza historikoekin jokatu eta horiek zure alde jartzean datza, beraz.

Hori da. Adibidez, zuk CIAren karta ez baduzu, zure aurkariak izango du. Horregatik, hori kontuan izan behar duzu modu batean edo bestean jokatzeko. Karta bakoitzak badu bere deskribapena. Zuri gertatzen zaizkizun gauza txarrak ahalik eta hobekien kudeatzean datza, jokoan aurrera egiteko. 

Aipatu duzu orain Internet bidez jokatzen duzula gehienbat. Norekin aritzen zara?

Badago komunitate bat txapelketak antolatzen dituena. Ni eta beste lagun bat hasi ginen parte hartzen duela bi urte. Urrian hasten dira norgehiagokak, eta ekainera arte duzu epea hogei partida jokatzeko.

Mundu osoko jendearen aurka aritzen gara: Estatubatuarrak, korearrak, txinatarrak, poloniarrak, espainiarrak, kataluniarrak… Liga Nazionalak ere daude: Euskal Herrikoa, Espainiakoa… Mota ezberdinetakoak ere daude, azkarragoak… xakean bezala. 

Partidak Internet bidez egiten dira gehienetan, baina urtero egiten da topaketa fisiko bat, eta aurtengoa Gasteizen izan da. Bertan hirugarren postuan geratu naiz. Lehenengo bostak puntuazio berdinarekin geratu ginen, eta desenpatea egin behar izan genuen. 

Euskal Selekzio moduan jokatzen duzue, gainera.

Bai. Bizpahiru jokalariko taldetan jokatzen dugu eta denon artean erabakitzen dugu zer mugimendu egin. Jokatu izan dugu Txinako Selekzioaren aurka, Estatu Batuen aurka, Hong Kong-en aurka, Espainiaren aurka… beste txapelketa bat da, eta selekzioa “ofiziala” da bertan. 

"Mundu osoko jendearen aurka aritzen gara: Estatubatuarrak, korearrak, txinatarrak, poloniarrak, espainiarrak, kataluniarrak… Liga Nazionalak ere daude: Euskal Herrikoa, Espainiakoa..."

Nola sortu zen munduko topaketa Gasteizen egitearen aukera?

Urtero egiten da topaketa. Kokaleku bat proposatu dezakezu, baina horretarako aurreko urteko topaketan egon behar zara. Gasteizen badago Markel izeneko mutil bat iazko ediziora joan zena, Greziako irla batera. Bertan proposatu zuen aurtengoa Gasteizen egitea, 34 pertsonentzako tokia topatu zezakeela aipatuta (jende kopuru hori egon da topaketan). Bozketa egin zen eta horrela erabaki zen. 

Nolakoa izan da topaketa? Ez zarete denbora guztia mahai jokoan lehiatzen aritu, ez?

Ez. Azkenean jendeak aukera baliatzen du bidaiatzeko eta beste modu batean ezagutuko ez lukeen toki bat ezagutzeko, Gasteiz kasu honetan. Txapelketa larunbat eta igandean izan zen, baina jende asko ostiralean bertaratu zen, eta txango bat egin genuen eurekin hiritik.

Larunbatean lau partida genituen eta igandean beste lau. Larunbat goizean bi, bazkaldu, beste bi arratsaldean, eta gero sagardotegi batera joan ginen. Igandean goizean bi eta arratsaldean beste bi. Egia esan, ez zen tarte askorik egon turismorako, baina jendeak egonaldia luzatu zuen gero. 

Nongo parte hartzaileak bertaratu ziren?

Greziarrak asko, poloniarrak, kataluniarrak, espainiarrak, Ingalaterrako batzuk, estatu batuar bat… azken finean, ondo badatorkizu eta oporretan bazaude, aukera baliatzen duzu. 

Zein da jokalarien profila? Zer duzue komunean?

Ea, emakume bakarra egon da, hori hasteko. Bideo-jokoen eta mahai-jokoen munduan gertatzen den gauza bat da genero oreka gabeziarena. Adinari dagokionez, nik bataz bestekoa jaisten nuen, gehienak nagusiagoak ziren. Asko badira ordenagailu baten aurrean edo telelanean aritzen direnak, denbora malgutasuna dutenak eta aukera dutenak astean behin edo bitan partida bat jokatzeko. Uda heltzean denbora dute eta bidaia ondo datorkie eta topaketara batzen dira. 

Uste dut badagoela baita jende gaztea ere, oraindik topaketetara horrenbeste ez datorrena, baina txapelketetan parte hartzen duena. Txinatar eta estatu batuar asko daude. 

"Behin historia jakinda, interesgarriagoa suertatzen zaizu, gertakari eta pertsonaia historikoak agertzen direlako: Che, Juan Pablo aita-santua, Kubako misilen krisia, Txinaren garai hartako jarrera… niri balio izan dit historia ikasteko"

Historiazaleak dira gehienak?

Ez du zertan. Nik ez dut historiaz ideia askorik, baina behin historia jakinda, interesgarriagoa suertatzen zaizu, gertakari eta pertsonaia historikoak agertzen direlako: Che, Juan Pablo aita-santua, Kubako misilen krisia, Txinaren garai hartako jarrera… niri balio izan dit historia ikasteko. 

Badago joko honen moldaketa bat gaur egungo egoerara egokitutakoa, 2024ra arteko gertakariak barne hartzen dituena, eta lau jokalarirentzat egokitua dagoena. Nafar batek asmatu du joko hori.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide