Verónica Echeguik "Me cago en España" esan zuenean, azentu aiaraldear apurrarekin

Aitor Aspuru Saez 2025eko abuztuaren 25a

Verónica Echegui antzezlea atzo hil zen./ Wikipedia

Gaur zabaldu da Verónica Echegui antzezlea zendu zela atzo eta gogoratu beharra dago bere ibilbide osoan egindako paperik barregarriena, nolabait, Aiaraldean bizi den antzezle batean inspiratuta egon zela.

Verónica Fernández de Echegaray atzo hil zen, hedabideek jakinarazi dutenez. Artistikoki, Verónica Echegui izenarekin zen ezaguna eta Espainiako Estatuko aktore ospetsuenen artean zegoen. Izan ere, penintsulan ez ezik, Europako beste toki batzuetan eta Ameriketako Estatu Batuetako ekoizpenetan ere parte hartu zuen.

Hori dela eta, askok goraipatuko dute hainbat profesional garrantzitsurekin lan egin izana (Bigas Luna, Iciar Bollaín, Cesc Gay edota Danny Boyle zuzendariak —azken horrekTrainspotting egin zuen—, adibidez). Aiaraldea.eus-en, ordea, tokikotasunari erreparatzen diogunez, Los Javisek sortutako Paquita Salas telebista saioan egindako papera gogora ekartzea ezinbestekotzat dugu. Ez bakarrik izugarri barregarria delako —zentzu batean umoretsuki groteskoa delako eta bestean, antzezpenaren ikuspuntutik, ezin finagoa delako— eta bereziki, Arakaldon bizi den Miren Gaztañagarekin lotuta dagoelako.

"Me cago en España"

Norbaitek ez badu ezagutzen aipatutako Paquita Salas saioaren atala, bigarren denboraldiko lehenengoa da, zehazki. Horretan, Echeguik Edurne Bengoetxearen azalean sartu zen, eta pertsonaiak bizi zuen drama ez zen txikia. Hain zuzen, fikziozko antzezle euskaldunak azkenik lortu du produkzio baten protagonista izatea, baina, tamalez, azaleratzen da bideo bat zeinean "Me cago en España" esaten agertzen den.

Adierazpen horiek, nola ez, hautsak harrotzen dute eta produkzioaren bideragarritasuna eta Edurne Bengoetxearen etorkizun profesionala kolokan jartzen dute. Eskerrak Paquita Salas agertzen den laguntzeko (edo ez).

Ez ditugu atalaren nondik norakoak deskribatuko, baina bai zein testuinguruan hartu zuen Echeguik paper hori eta zein neurrian kontziente zen bere esanahiaz.

Alegia, elkarrizketa batean galdetu zioten ea bere pertsonaia telesailaren hirugarren denboraldian agertuko zen eta Echeguik argi eta garbi aipatu zuen "Me cago en España" adierazten duen pertsonaia batek ez zuela inolako etorkizunik izango.

Miren Gaztañaga eta Itziar Ituñoren kontrako gurutzadak

Paquita Salasen bigarren denboraldiko lehen atala 2018an estreinatu zuten eta zer gertatu zitzaien Miren Gaztañaga eta Itziar Ituñori 2017an? Boikot kanpaina sendoak eta basatiak pairatu zituztela.

Egun aiaraldearra dugun Gaztañagaren kasua bereziki larria izan zen. Berez, El guardián invisible filmaren estreinaldiaren atarian, Miren Gaztañagak Euskalduna naiz, eta zu? EITBko telebista saioan egindako iruzkin umoretsuak testuingurutik atera eta txantxa bat zena Espainia osoaren kontrako irainak bilakatu zituzten.

Zehazki, estereotipoei buruz adarra jotzen —eta hemen agian azpimarratu beharra dago "adarra jotzen"—, Gaztañagak aipatu zuen espainiarrei buruz hitz egitean burura etortzen zitzaizkiola "kateto", "fatxa" edota "txoni" estereotipoak. Hau da, estereotipoak baino ez.

Denbora gutxi behar izan zuten COVITEk, PPk eta hainbat hedabidek pogromoa antolatzeko eta Miren Gaztañagaren sakrifizioa eskatzeko. Eta bera pertsonalki ezin zutenez akabatu, ba bere ibilbide profesionala boikoteatzen saiatu ziren.

Horrela, El guardián invisible pelikula ez ikusteko deialdia zabaldu zuten. Horrez gain, UPN alderdiak eta SUP sindikatu polizialak epaitegian salatu zituzten adierazpenak. Salaketa artxibatu zuen epaileak, ez zuelako hauetan inolako gorrotozko diskurtsorik sumatzen. Dena den, mina eginda zegoen.

Zinemaren munduan, elkartasun gutxi

Esan bezala, Aiaraldean bizi den antzezlearen hitzak ez ziren, inondik inora, serioak, baina polemikak modu artifizialean hartutako tamaina guztiz neurrigabea izan zen eta Gaztañagaren lankideek, giroa hoztu ordez, Inkisizioaren sugarretan erretzea erabaki zuten.

Nola? Komunikatua argitaratu zuten eta ia inor ez zen falta izan; filmaren zuzendaria, Marta Etura antzezle protagonista, Dolores Redondo idazlea, Atresmedia Cine... Bere hitzak gaitzetsi ez ezik, argitu zuten, bada ez bada, bere parte hartzea gutxienekoa zela.

Los Javisen mendeku poetikoa

Lintxamendua gertatzen zen bitartean, Los Javisek gidoi mamitsua prestatu zuten Paquita Salas telesaioan islatzeko —eta ezetz asmatu nork ordaintzen zuen ekoizpena? Atresmediak berak— eta hara nor hautatu zuten horretarako, Verónica Echegui.

Echeguik onartu zuen erronka eta datak ikusita, zaila da sinistea ez zekienik non sartzen zen, zurrunbiloa igarota bazegoen ere. Are gehiago, paralelismoak agerikoak ziren. Bere pertsonaia ere ez zen protagonista eta fizkiozko pelikularen izena La voz de la secta zen —txantxa ez bada izenburu hori...—.

Zarata handirik egin gabe, Echeguik zinema industriaren hipokrisia erretratatzeko baliatu zuen bere antzezpena, "Me cago en España" ohikutatuta eta inolako ikurrik hartu gabe (ze gero agertzen dira ustezko progreak zeinek mugimendu politikoetan sartzen diren infiltratuak antzezten eta goratzen dituztenak, Carolina Yuste kasu. Eta La infiltradarekin gutxi izan bazenuten, lasai, laster istorio bera kontatuko dute Un fantasma en la batalla pelikulan).

Horregatik guztiagatik, Verónica, adiorik ez! Laster berrikusiko zaitugu Paquita Salasen!!!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide