Irailaren 23an Euskal Aktoreen Batasunak Miren Gaztañaga sarituko du. EITBk antolatzen duen Euskal Zinemaren Gala Handian eskainiko diote aitortza, Donostiako Zinemaldiaren barruan.
Bultzada sariak euskal antzezleen kalitatezko lana ikusarazi nahi du eta, berez, iaz sortu zuten. Elkarteak honakoa azaldu du: "Sari honek ekoizpen arriskutsuetan edo hedapen txikiagoko produkzioetan edo euskara hutsean egindako lanetan egindako lan bikainagatik nabarmentzen diren interpreteak ditu ardatz".
Miren Gaztañagaren pelikulen aitortza
Euskal Aktoreen Batasunak bereziki azpimarratu du Azken erromantikoak filma, baina ez du ahaztu nahi izan Igelak (Patxo Telleria, 2016), El guardián invisible (Fernando Gonzalez Molina, 2017), Legado en los huesos (Fernando Gonzalez Molina, 2019), Ane (David P. Sañudo, 2020), El Hoyo 2 (Galder Gaztelu-Urrutia, 2024) pelikula luzeetan egindako "lan fina".
Halaber, For the good times (Andres Sanz, 2017) edo 2025eko Goya Sarietarako izendatua izan den Betiko gaua (Eneko Sagardoy, 2024) aipatu dituzte, bietan protagonista izan baita.