Zer nabarmenduko zenukete Arakaldon 2025ean eginiko egitasmoetatik?
Ander Castresana Madariaga: Arlo ezberdinetako gauza asko egin ditugu. Obra egin dugu beheko txokoan. Kaleen mantenua egiten saiatu gara ere: seinaleak aldatu ditugu, Adifek itxiera egin du tren geltokian eta argiteriarentzako azterketa bat egiten ari gara. Dirulaguntza bat ere eskatu dugu kirol instalazioentzat. Ez digute eman, baina pentsatu dugu hurrengo urtean obra egitea bolatokian.
Gu ez gaude ur-partzuergoan, eta obra bat egin dugu ur-horniketari begira, Madariaga auzoan. AP-68 azpian zegoen zaborra ere kendu dugu. Utzikeria handia egon da autobidearen partetik, eta azkenean akordio batzuetara iritsi gara. Gu arduratuko gara zabor hori guztia kentzeaz. Horrek ahalegin ekonomiko bat ekarriko du Arakaldoko biztanleentzat. Autobidea kudeatzen duten enpresek, euren aldetik, zerramendu bat egingo dute, berriro zabortegi bilakatu ez dadin. Gure plana bada aparkaleku bat egitea. Bertako zelai bat urez betetzen zen euria egiten zuenean, eta bertan ere obra egin dugu. Madariaga auzoan zeuden zuhaitz guztiak kendu ditugu, adarrak sarea ukitzen zeudelako, eta orain baldosak jarriko dira bertan.
Beste kontu garrantzitsu bat: zabor zerbitzua kenduko dugu 2026an. Sistema berri bat jarri genuen, baina kritika nahiko jaso ditu herritarren partetik. Herriaren iritzia jaso dugu eta aldaketa bat egingo dugu. Hemengo peoiak ez du kontu hori kudeatuko eta beste sistema berri bat jarriko da martxan mankomunitatearen eta enpresa baten bitartez. Arakaldoko herriak hori gura du eta 2026rako aldaketa hori egingo dugu.
"Zabor zerbitzua kenduko dugu 2026an. Sistema berri bat jarri genuen, baina kritika nahiko jaso ditu herritarren partetik. Herriaren iritzia jaso dugu eta aldaketa bat egingo dugu"
Energia komunitatea sortzeko lehen urratsak ere eman dituzue. Zer egoeratan dago hori?
A.C.M.: Dirulaguntza bat jaso genuen Aldunditik. %100a eman ziguten eta komunitate energetiko bat sortu gura dugu. Hainbat bilera egin dira. Barrizar enpresarekin egiten gabiltza prozesua. Hainbat bazkidek eman dute izena eta orain estatutuak erredaktatzen hasi behar gara. Udaletxeak parte hartu behar du eta 7-8 herritar inguru egin dira bazkide. Eguzki plakak jarrita daude frontoian eta aurten (2025ean) amaitu behar da prozesua.
Urte hasieran Bizkaiko Foru Aldundiak ingurumen txostena argitaratu zuen Ugarrizako zoru industrialean eraikitzeko asmoa zegoen datu base baten inguruan. Zer egoeratan dago proiektu hori?
A.C.M.: Ingurumen txostena eginda dago, bai. Orain bilera izan dugu abokatu batekin, arkitektorekin eta proiektuarekin promotorearekin, Ekin Inbertsioak enpresa. Horretan gabiltza. Oraindik ez da ezer erabaki, momentuz geldituta dago.
Jose Antonio Diaz Martinez: Lehen Norten enpresa zegoen lursail horretan. Ekin Inbertsioak enpresak erosi zuen, printzipioz datu zentro bat egiteko. Bainagauza asko baloratu behar ditugu, proiektu handia delako.
Eta 2026an zer?
A.C.M.: Kirol azpiegiturak hobetuko ditugu eta pasahitz eta erabiltzaile bidezko sarraila jarriko dugu txokoan, herrian erroldatutako bizilagunak nahi dutenean sartu ahal izateko. Argiteria ere hobetu nahi dugu, eta obra bat egin tren geltokian, jende askok trenbidea gurutatzen duelako.
Bukatzeko, Inma udal langilea 35 urtez egon da hemen lanean eta orain jubilatuko da, eta badugu jada ordezkoa.