Arakaldon urrats sendoak egiten ari dira herriko energia komunitatea osatzeko. Egindako azken bileran erabaki garrantzitsuak hartu zituzten horretarako.
Lehenik eta behin, proiektua elkartea izango da eta zazpi etxebizitzak ez ezik, Udalak ere parte hartuko du horretan. Horrez gain, Arakaldo Enerkom izango da bere izena.
Barrizar enpresa aholkulariak bideratzen du prozesua eta konpainiak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari lanean ari direla estatutuak osatzeko eta legeztatzeko.
Azpiegitura fotovoltaikoa frontoian
Behin prozedura legal hori beteta, energia komunitatearen bultzatzaileen asmoa da aurrekontuak eskatzea udal frontoiko teilatuan 92 plaka fotovoltaiko instalatzeko. Izan ere, azken helburua izango litzateke sortuko diren 50 kW horiekin elkartearen bazkideak elektrizitateaz hornitzea.