ERREPORTAJEA

Arakaldon datu zentro bat eraikitzeko lehen urratsak egin dituzte

Txabi Alvarado Bañares 2026ko maiatzaren 5a

Datu zentroak izango lukeen itxura erakusten duen irudia, enpresaren proiektu teknikotik ateratakoa. / Arakaldoko Udala

Martxoko Udal Osoko Bilkuran eman zioten hasierako onarpena azpiegitura hori eraikitzea baimenduko lukeen Plan Bereziari. Hala ere, urrats ugari falta dira proiektua egikaritzeko, urteak iraun dezaketenak, eta Udala bera eszeptikoa da egitasmoaren bideragarritasunari dagokionez. 

Arakaldon datu zentro bat eraikitzeko lehen urrats legalak eman ditu Ekin Inbertsioak enpresak. Ugarrizan kokatutako zoru industrialean eraikiko litzateke azpiegitura, Norten enpresa zegoen tokian, 2.000 metro karratuko espazioa okupatuta. 

MartxokoUdal Osoko Bilkuran eman zioten hasierako onarpena azpiegitura hori eraikitzea baimenduko lukeen Plan Bereziari. Eztabaida sortu zuen gaiak plenoan, herritar batek proiektuarekiko desadostasuna adierazi baitzuen. 

Udal gobernuak, bere aldetik, argudiatu zuen legez derrigortuta dagoela proiektua onartzera. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren zein URA agentziaren oniritzia du egitasmoak. Horrez gain, udal arkitektoak ere aldeko hirigintza txostena egin zuen, eta tokiko erakundeak abokatu baten aholkularitza zerbitzua kontratatu zuen egoera bideratzeko. Hala azaldu dio Humberto Perea Arakaldoko alkateak Aiaraldea Komunikabideari. Bere hitzetan, 2021. urtetik darama  Ekin Inbertsioak enpresak proiektu honekin bueltaka, eta iazko martxoan aurkeztu zuten Plan Berezirako eskaera. “Maiatzean, aldiz, erretiratu egin zuten, eta irailean berriz aurkeztu zuten”, adierazi du gobernuburuak. 

Bi urte tramiteetan

Horregatik, Perea eszeptikoa da proiektuak izan dezakeen garapenarekiko. Izan ere, bere ustez, tramite legal guztiak beste bi urtez luzatu daitezke, azpiegitura eraikitzen hasi baino lehen. “Epeak luzatu egingo dira, bidean helegiteak egon daitezke, eta gero, behin betiko onarpena Bizkaiko Foru Aldundiaren esku egongo litzateke, Arakaldo 1.000 biztanletik beherako udalerria delako”, azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari. 

Gainera, kontsumo energetikoaren kontua ere jarri du mahai gainean gobernuburuak, datu zentro batek argindar asko kontsumituko lukeelako, eta espazioa gaur gaurkoz ez dagoelako horretarako prestatuta.  

2019an pasa zen Nortenen lantegi abandonatua Ekin Inbertsioak enpresaren eskuetara, eta orduan ekin zieten eraisketa lanei.

Hamar urte hutsik

Hamar urte baino gehiago eman ditu Ugarrizako lurzoru industrial horrek hutsik, Norten hormigoi enpresak ateak itxi zituenetik. San Mames berriko harmailak  egin zituzten bertan, besteak beste; eta enkargu hori burutu eta gutxira itxi zuten konpainia. Fabrika erabat abandonatuta egotera pasa zen orduan. 

Arakaldoko aurreko alkateak, Jabi Asurmendik, hainbat aldiz salatu zuen Norten enpresaren zuzendaritzak hainbat irregulartasun egin zituela urte horietan. "Hainbat gauza kendu zituzten udalari horretarako obra baimena eskatu gabe, amiantoa ere baimenik gabe kendu zuten eta ur-kontsumo handia egin zuten ur-korrontea jada etenda zutenean", azaldu zion 2019an orduko gobernuburuak Aiaraldea Komunikabideari. Gauzak hala, tokiko erakundea Jaime Delclauxekin (enpresaren zuzendaria) bildu zen egoera bideratzeko. 

Dena dela, 2019an pasa zen lurzorua Ekin Inbertsioak enpresaren eskuetara. Fabrika zaharra eraisteari ekin zioten orduan, eta pilatutako zaborra bildu eta erre zuten. Horrek kontrolik gabeko sute bat eragin zuen gau batean, suetako bat ez zelako ondo itzali, Arakaldoko Udalak bere unean adierazi zuenez. Enpresak, bere aldetik, ziurtatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Base Gorriaren baimen guztiak zituela lan horiek egiteko. 

Pabilioiak eraikitzea zen konpainiako arduradunen orduko asmoa, eta saldu ahala eraikitzen joango zirela jakinarazi zioten Udalari. Honek, bere aldetik, hainbat “marra gorri” jarri zituen. “Alde batetik, kamioiak zuzenean BI-625 errepidera irtetea nahi dugu, herritik pasatu gabe. Bestetik, Nerbioi ibaiko ertza lagatzea nahi dugu, berreskuratu eta pasealekua edo berdegunea egin eta bioaniztasuna bermatu ahal izateko”, azaldu zuen Asurmendik orduko hartan. 

Hitzarmen bat sinatzera ere iritsi ziren enpresarekin, baina bertan idatzitakoa ezerezean geratu da, Aldundiak ez zuelako bertan adostutako errepide moldaketa egitea baimentzen. Hala azaldu zuen Humberto Perea alkateak iragan asteko plenoan, herritar baten kexei erantzunez.  

Une honetan, lursail lau bat da zonaldea. Jada ez da Norten zenaren arrastorik geratzen. Ekin Inbertsioak konpainiak enpresa juridiko berri bat sortu du datu zentroaren proiektua egikaritzeko, CPD 4 Arakaldo SL izenekoa. Dena dela, Arakaldoko alkateak nabarmendu du Ekin Inbertsioak lurzorua kudeatzera mugatuko litzatekeela, eta gero beste enpresa baten eskuetan utziko lukeela proiektua. 

Dena den, hori guztia ikusteke dago. Momentuz, hondakin biltegi moduan baliatzen du konpainiak Arakaldoko lurzorua. Enpresaren kamioiak aritzen dira bertan, beste toki batzuetako hondakinak pilatzen. Hala azaldu diote zenbait bizilagunek Aiaraldea Komunikabideari. Horretarako baimena duten galdetuta, Udalak aipatu du zenbait errekerimendu bidali dizkiotela enpresari jardun horren nondik norakoen berri izateko. 

Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da Ekin Inbertsioak enpresarekin, gaiari buruzko informazio gehiago jasotzeko, baina konpainiak ez du adierazpenik egin nahi izan. Gauzak hala, erantzunak baino galdera gehiago daude mahai gainean: Eraiki egingo da proiektua azkenean? Zer eragin izango du zonaldean? Lanposturik sortuko al du eta, hala bada, zenbat? Denborak esango du. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide