Aurten ere, Arakaldoko herritarrek hiru eguneko jai egitarau bizia eta anitza prestatu dute bizilagun guztiak protagonista izateko. Ekintzak uztailaren 17an abiatuko dituzte 18:30ean odoloste eta txorizo janarekin eta 19:30ean Las Modernas de Arakaldo taldeak jaurtiko du txupinazoa. Taldeko kidea ez dira, inondik inora, herrikoak, baina behin Yogurinha Borovaren emanaldi batera joan ziren jaietan eta horrela bataiatu zituzten euren buruak, han bizitako pasadizo batengatik.Hala azaldu zuten podcast batean eta Udalari eskatu zioten jotzeko. Euren nahia beteko dute uztailaren 17an.
Jarraian, Tor Magoak familia osoak gozatzeko ikuskizuna egingo du eta 21:15ean Las Modernas de Arakaldo taldeak berak joko du. 22:30ean Gautegun erromeriak hartuko du lekukoa eta amaitzen denean, herritarrek eurek jarriko dute bozgorailuan musika gorputzek eutsi arte.
Gautxoriek ez dute atsedenerako tarte handirik izango, larunbatean 11:30ean hasiko baitira triki eta panderoen doinuak kaleak hartzen. 12:00etan mezaren ordua helduko da eta gero pintxoak dastatuko dituzte. 13:00etan umeentzako hitzordu bikoitza eskainiko dute. Alde batetik txapak egiteko tailerra eta, gainera, apar jaia.
Bazkalorduan atsedenaldia egin ondoren, 17:30ean bola txapelketan lehiatzeko deituak izango dira interesdunak eta ordu berean tortilla txapelketa eta haur parkeari emango diete hasiera. 19:30ean txokolate jana izango da eta 20:00etan helduentzako umore emanaldia: Despotorre, Ane Lindanerekin (euskaraz) eta Raquel Torresekin (gazteleraz). Umoregileek ohartarazi dute betiko legez, txiste feminista eta politikoak ez direla faltako eta adin guztientzako ikuskizuna ez dela, nahiz eta guztiek entzun beharko luketen esan nahi dutena. Bakarrizketa amaituta, txapelketaren sariak banatu eta 22:00etan The Golden Covers bertsio taldeak hartuko du oholtza. 23:30ean tokia utziko diote DJ Sospechoso de Spami.
Larunbatean indarrak erre eta gero, igandea lasaiagoa izango da, egokia sasoia berreskuratzen joateko. Horretarako, kirol jasangarria proposatuko dute. Zehazki, 11:30ean bola jokoa eta 12:00etan igel toka txapelketa. Bukatzeko, herri bazkaria egingo dute 14:30ean.
EGITARAU OSOA
Uztailak 17, ostirala
18:30 // Txorizo eta odoloste jana
19:30 // Txupinazoa Modernas de Arakaldo taldearekin
20:00 // Tor Magoa
21:15 // Modernas de Arakaldo
23:30 // Gautegun erromeria
Uztailak 18, larunbata
11:30 // Triki-pandero kalejira
12:00 // Meza
13:00 // Txapa tailerra eta apar jaia
17:30 // Bola jaurtiketa
17:30 // Tortilla lehiaketa
17:30 // Haur parkea
19:30 // Txokolate jana
20:00 // Bakarrizketa: Despotorre
22:00 // The Golden Covers Band
23:30 // Dj Sospechoso de Spam
Uztailak 19, igandea
11:30 // Bola jaurtiketa
12:00 // Igel toka txapelketa
14:30 // Herri bazkaria