Duela aste batzuk jakinarazi zuten bezala, azaroaren 6an (igandean) jaia egingo da Arrankudiaga-Zollon eginiko herri-galdeketaren bigarren urteurrena dela eta. Programa prestatzeko, ADOS plataformarentzat funtsezkoa den gauza bat hartu dute kontuan: parte-hartzea eta protagonismoa kontsultaren ardatz nagusiarengan, hau da, auzokideengan jartzea.
Jaia 12:30ean hasiko da, plaza ondoan. Bertsolariak, txalapartariak, dantzariak, umeak eta abesbatza igoko dira agertokira, besteak beste. Guztiak herrikoak. Horrez gain, Etxarri-Aranatzeko eta Arrankudiaga-Zolloko alkateak eta zinegotziak ere egongo dira bertan, baita ekimena sinatu duten taldeetako kideak eta ADOS plataformako ordezkariak ere. Ekitaldia eta gero, plaka-oroigarri bat desestaliko da, eta kalejirari ekingo zaio, poteoa alaitzeko.
Herri-bazkaria egongo da ondoren. 12 euroren truke honako menua eskainiko da: "kanpamentu" entsalada, bularkiak arrautza-irinetik pasatuta, piperrak eta limoi-krema, kafea eta kopa. Umeentzako bazkari berezitua egongo da, 5 euroko prezioan eta ondorengo menuarekin: makarroiak, bularkiak arrautza-irinetan pasatuta eta limoi-krema. Izena emateko zerrendak jarri dira Gizarte-Etxean eta Batzokian. Bihar (osteguna) amaituko da izena emateko epea.
Herri galdeketari buruzko dokumentala
Igandeko jaiaren aurrekari gisa, bideo-proiekzio bat egingo da ostiralean (azaroak 4), 19:30etan Gizarte Etxean. 20 minutu inguruko bideo bat izango da, eta Arrankudiaga eta Zolloko hainbat biztanlek kontsultan izandako parte-hartzeari buruzko iritzia ematen dute bertan.
Hurrengo hauek dira urteurren festan parte hartzeko deia egin duten eragileak: Arrankudiaga-Zolloko udala, Pagobakarra, Kamaraka eskupilota, Indarra, Jubilatuen elkartea, Gizarte-Etxea, Ramon Azkue, Kofradia, Kallera, Musika Eskola, EAJ-PNV, EH Bildu eta Ados elkartea.