Hiru pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak atzo goizean Arrankudiaga-Zolloko Gastaka Goikoa auzoan, 400 marihuana landare izatea egotzita.
Barne Sailak adierazitakoaren arabera, goizeko zortziak aldera gerturatu ziren poliziak auzora. Bertako baserri baten inguruetan topatu zuten plantazioa, marihuana landareek duten usainak eta ur hornidura hodiengatik eta elektrizitate kableengatik gidaturik.
Hortik gertu zegoen etxola batean topatu zituzten atxilotuetako bi, jada siku zeuden landareak manipulatzen. Arma batzuk ere topatu zituzten bertan: bi eskopeta, munizioa eta aire konprimituzko karabina bat.
Ura eta elektrizitatea garraiatzen zuten kableak jarraitu zituzten gero poliziek, baserri batera arte. Baserria miatu eta jabea atxilotu zuten jarraian.
Marihuana landareez gain, 100 gramo speed ere topatu zituzten ertzainek miaketan.
Atxilotuak 44, 47 eta 54 urte dituzte, eta “osasun publikoaren aurkako delitua” eta “suzko armak legez kontra” izatea egotzi diete.