"Ez nuke nahiko jendeak pentsatzea atzerrira lan bila joatea pagotxa denik"

Txabi Alvarado Bañares 2016ko api. 10a, 23:33

IBAI ORTUZAR (Arrankudiaga-Zollo, 1980) Ingalaterran dabil lan egiten, hasiera batean bere asmoa hori ez zen arren. Bere esperientziaren berri eman du.

Elkarrizketa hau atzerrira lanera edo lan bila joan diren aiaraldearrei buruzko serie baten parte da. Serieko beste elkarrizketak ikusteko egin klik hemen.

Zer dela eta erabaki zenuen atzerrira joatea? Nola bukatu zenuen Ingalaterran?

IBAI ORTUZAR (Arrankudiaga-Zollo, 1980) Ingalaterran dabil lan egiten, hasiera batean bere asmoa hori ez zen arren. Bere esperientziaren berri eman du.

Elkarrizketa hau atzerrira lanera edo lan bila joan diren aiaraldearrei buruzko serie baten parte da. Serieko beste elkarrizketak ikusteko egin klik hemen.

Zer dela eta erabaki zenuen atzerrira joatea? Nola bukatu zenuen Ingalaterran?

Egia esan behar badut, ez zen inoiz hartutako erabaki bat izan, gertakari kate baten ondorioa baizik. Bikotekideak Ingalaterrara joateko beka bat lortu zuen, zazpi hilabeterako. Ni orduan nire kontu nengoen lanean, eta bion artean hitz egin ondoren, elkarrekin joatea erabaki genuen, nire lan egoerak hala egitea ahalbidetzen zuelako. Orduan, nire asmoa Ingalaterran igaroko genituen zazpi hilabeteetan zehar ahalik eta lan gutxien egitea zen, eta bitartean ingelera ikastea. Bi hileren buruan, Ingelera ikasi ez, eta lanean bukatu nuen…

Nola lortu zenuen orain duzun lana? Nolakoa da?

"Londonen bizitzea oso garestia da, eta gure hasierako usteen kontra, orduan genituen aurrezkiekin bizirautea ezinezkoa izan zitzaigun"

 

Lana bilatzea erabaki nuen orduan. Arkitektura bulegoen zerrenda bat egin eta CVa bidaltzen hasi nintzen email bidez, nora bidaltzen nuen oso ondo jakin gabe. Berehala lortu nuen bost hilerako lan bat. Hura bukatzean ez zitzaidan asko kostatu beste lan bat topatzea, orain daukadana. Hau esanda, argitu nahiko nuke kontrako kasuak ere hurbiletik ezagutu ditudala, beraz ez nuke nahi jendeak pentsatzea kanpora lan bila joatea pagotxa denik. Oso ondo atera daitezke gauzak, eta orduan egoera on batez gozatuko duzu; baina oso gaizki ere irten daitezke.

Badago bertako gobernuaren partetik bertara joandako pertsonentzako laguntzarik? Zer nolakoak dira? Batenbat jaso izan duzu?

Ez dakit halakorik dagoen. Egotekotan ez dut uste erraza izango denik lortzea, Ingalaterran zerotik hastea ez baita erraza. Bizileku helbiderik gabe ez baitizute banku konturik irekiko, banku konturik gabe, ez duzu lanik lortuko… eta lanik gabe ez dizu inork etxerik alokatuko; eta amaigabeko zirkulu horretatik irteteak hilabateak har ditzake. Beraz, ez dut pentsatu nahi laguntzak eskatzea zein konplikatua izan daitekeen.

Baduzu itzultzea buruan? Zeren arabera itzuliko zineteke?

Noski! Zalantza izpirik gabe gainera! Gure buruari egiten diogun galdera ez da bai ala ez, baizik eta noiz eta nola. Lana faktore bat da, baina ez bakarra.

"Ez nuke pentsatu nahi soldata baten arabera diseinatzen ditugunik gure biziak, jakinik hala ere, hura faktore garrantzitsua dela"

 

Nolakoa da atzerrian lanean aritzea? Zer zailtasun topatu dituzu?

Nik izan dudan esperientziatik ez nuke esango hemen lan egitea oso ezberdina denik. Agian ez dut ezustekorik izan aurretik nolakoa izango zen sekula pentsatu ez nuelako… Zailtasun nagusia noski, hizkuntzarena izan da, eta izaten ari da… baina tira, hortan ari gara! Lujo bat da hizkuntza berri bat ikasi ahal izatea, aurrezki batzuek edo soldata on batek emango dizutena baino aberastasun handiagoa da! Eta ziurrenik denbora luzeagoan mantenduko duzuna! Beraz, zailtasunak erronka bihurtzean datza gakoa!

Zerbait gaineratu nahiko bazenu...

Nire kasua horien barruan guztiz ikusten ez dudan arren, jakitun naiz gazte asko Euskal Herritik irteten ari dela lan bila.

"Kasurik gehientan, kanpora egiten duten gazteek halabeharrez egiten dute, ez propio aukeratuta. Izugarrizko giza kapital galera da hori"

 

Zein erraza den belaunaldi bat galtzea, eta zein zaila hura berreskuratzea!

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide