Razga eta Carrillo nagusi Arrankudiagan

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2015ko urr. 13a, 15:48

Domekan jokatu zen Arrankudiaga-Zolloko mendi lasterketaren 4. edizioa, 150 parte-hartzailerekin. SestaoGraf taldeko Ismail Razga eta Laura Carrillo izan ziren irabazle.

Domekan jokatu zen Arrankudiaga-Zolloko mendi lasterketaren 4. edizioa, 150 parte-hartzailerekin. SestaoGraf taldeko Ismail Razga eta Laura Carrillo izan ziren irabazle.

Aurreko astean izandako iragarpenak iragarpen, eguraldiak ez zuen trabarik ipini herenegun Arrankudiagan laugarren urtez bertako mendi lasterketa arrakastaz eta kirolerako giro atseginean jokatzeko. Umeen txanda izan zen lehenengo, ohi bezala, eta 11:30ean nagusiena etorri zen; 14 km-ko ibilbidea izan zuten aurrez aurre irteera-puntuan batu ziren 150 lagunek. Aurtengoan, Kurtzetako urtegiari eman beharreko bira zen nobedadea, baina osterantzean ibilbidea iazko berdina zen, arina eta ordeka gutxikoa, Zolloko basabide eta auzoetan barrena.

Lasterketa hasi eta gutxira Aitor Prieto bilbotarrak metro batzuk hartu zizkion aurrenekoen taldetxoari, baina lasterketa ederto ezagutu arren -bigarren izan zen duela urte bi-, gutxigatik ezin izan zion eutsi atzetik etorri zitzaion Ismail Razgari. Izan ere, Gorbeia Suzienen ondo erakutsi zuen moduan, marokoarra maila handiko korrikalaria da eta sasoi puntu ederrean dago. Razga 57:50  besterik ez zuen behar izan ibilbidea egiteko; harengandik 10 segundora sartu zen Aitor Prieto, eta Felicísimo Solanas santurtziarrak osatu zuen podiuma. Hirurak ibili ziren, gainera, ordubetetik behera.

Bertoko korrikalariei dagokienez, Pedro Urkijo okondotarra eta Aritz Iturribarria artziniegarra izan ziren Aiaraldeko lasterkaririk onenak, seigarren eta zazpigarren sailkatuta, hurrenez hurren; Aritz Leturiaga izan zen, berriz, Arrankudiaga-Zolloko azkarrena.

Emakumezkoetan Laura Carrillok ez zuen areriorik izan eta erraz eskuratu zuen lehenengo postua, 1:11:16ko denborarekin. Egun ezin hobea beraz Sestao Graf taldearentzat. Itziar Olabarrieta eta Verónica Dominguez izan zituen podiumean lagun Bilboko lasterkariak. Luiaondoko Lola Bascon izan zen eskualdeko lehen emakumezkoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide