Urtebete pasa da jada 2014ko Apirilaren 6an herritar talde batek Untzuetan egondako gaztelua Nafarroako Erresumari lotuta zegoela aldarrikatzeko hainbat ekitaldi antolatu eta mugarria jarri zutenetik. Hari beretik tiraka, igande honetan, Apirilaren 26an, Untzuetako Nafar-gazteluan Nafarroaren eguna ospatuko dute.
Zutabeak Arakaldo, Orozko, Arrankudiaga-Zollo, Ugao eta Zeberiotik irtengo dira goizeko 10:00etan. 11:30etan Untzuetako tontorrean batu eta hamaiketako herrikoia egingo dute albokari eta txalapartarien laguntzarekin. 12:00etan aurrezkua dantzatu egingo da eta ekitaldia izango da ere.
2006 eta 2007ko udetan egin zituzten indusketak gazteluaren arrastoak lurpetik ateratzeko. Aunia kultur elkarteak sustatu zituen, eta Juanjo Hidalgo laudiarra egon zen bertan lanean.
Berak azaldu zuenez, lehenagotik ere bazekiten bertan gaztelu bat zegoela, jasan izan zituen erasoen inguruko dokumentazioa dagoelako. Dokumentatua ez zegoena gazteluaren antzinatasuna zela adierazi zuen Hidalgok, eta horregatik indusketetan topatu zituzten materialei karbono 14aren froga egin zietela. Hala jakin zuten gaztelua XI. mendekoa zela. Horregatik, “gaztelu nafarra” izan zela ondorioztatu daitekeela baieztatu zuen historialari laudiarrak, “garai hartan Aiaraldea eta inguruko lurrak Nafarroako Erreinuaren menpe zeudelako”. Hidalgoren ustez, Eneko Lopez Bizkaiko Lehenengo Jaunaren kontrolpean eraiki zen gaztelua, Nafarroako koroaren agindupean. Bi mende geroago, baina, gaztelarrek inguruko eremua berenganatu eta gaztelua hartu zuten. Orduz geroztik hainbat eraso jasan izan zituen, Gaztelako Koroaren eta Bizkaiko jaunen arteko “tira-birak” medio. Baina gaztelua ez zen eraso horiengatik suntsitu. Hidalgoren arabera, iritsi zen momentu bat zeinetan Bizkaiko Jauna eta Gaztelako Koroa “gauza bera” ziren. Enrique III Gaztelako Erregea eta D. Tello Bizkaiko Jauna anaiak ziren, “eta gainera ondo moldatzen ziren elkarrekin”. Horregatik, D. Tellok gaztelua birrintzeko agindua eman zuen XIV. mendean, erakina bertan egoteak zentsurik ez zeukalako.