BIL ESPARTA (1966, Arrankudiaga) mendizalea da. Urtarrilean Andeetako Sumendien Ibilbidea egin zuen.
Nondik datorkizu mendizaletasuna?
Mendian 5 urte daramatzat. Euskal Herrian oso ohikoa da hori, asko gustatzen zaigu, barnean daramagun zerbait da. Dirua eta denbora, biak behar dira abentura hauei heltzeko.
Euskal Herrian mendira joateko ohitura handia dago. Sumendietara igotzeko ere?
Ni egon naizen sumendiak itzalita daude, e! Bada bizirik dagoen baten bat, baina ez dago labea pizteko arriskurik. Ojos del Saladon (Catamarcan, Argentina eta Txile arteko mugan) magma zuten laku txikiak zeuden.
Fianbalara iritsi nintzenean euskal jatorria duten bi mendizale zeudela jakin nuen. Ibilbide hori “Euskaldunen bidea” deitzen diote. Mendi gutxiago dira, baina zailagoak. Nire bidearen oso antzekoa egin zuten.
Noiz abiatu zenuen sumendietako bidea? Zer dela eta?
Urtarrilaren 23an hasi nintzen. Bi aste eman nituen, Aconcaguan nengoelako. Aconcaguan aklimatatzeko aprobetxatu nuen, eta ondoren sumendiei ekin. Egia esan, garai hau txarra da ur gutxi dagoelako eta sumendiak lehor daudelako. Altuera handiko mendiak zeudenez elkartzeko aukera ikusi nuen, Andeetako gainontzeko tontorrak sakabanatuta daudenez ez dago aukera hori. Garai onena, hala ere, azaroa da, elurra dagoelako. Berez basamortua da, elurretik ateratzen dute ura. Hortaz, lehor badago ez duzu ura edateko aukerarik, elurra dagoen puntuetan (oso altu) soilik lor litekeelako ura. Honen inguruko oso informazio gutxi dago, nik Aconcaguako bidaia aprobetxatu nuen. Sumendien bidea egiteko Fianbalá herrira joan behar duzu autobusez, eta Jonson Reynosogatik galdetu. Arrankudiaga bezalako herri bat da, ez du galbiderik!
Zenbat tontor egin dituzu?
Guztira zazpi tontor egin ditut, San Franciscon hasi nintzen eta Ojos del Saladon bukatu. Gainera, 6.000 metrotik gora lokalizatu gabeko bi sumendi topatu nituen! Ibilbide guztia wikiloc-en jarri dut, hurrengoek eskura izan dezaten. 160 kilometroko zeharkaldia da, 9000 metroko desnibelarekin. Arrisku handiena erreskate zerbitzurik ez dagoela da, ezer gertatzekotan saldua zaude. Altuera handian zaudenez gertuen dauden mendizaleak 300 kilometrora daude, baina aklimatatu gabe.
Zerk harritu zaitu gehien?
Hemengo orografiarekiko ezberdintasun handiak daude. Pirineoak plegatuta daude, haranak daude. Han ez, ez dago urik hortaz ibai eta haranik erez. Hara heltzean esan zidaten lehenengo gauza sumendiak lehor zeudela eta erreskate zerbitzurik ez zegoela izan zen. Horrek ez ninduen beldurtu, motxila utzi eta korrika eskapatzeko esperantza nuen. Irteera puntua beti segurua da, errepidean uzten zaituztelako. Beti duzu atzera egiteko aukera. Ni egon naizen sumendietan elurra zen salbatzeko aukera bakarra, bestela ez zegoelako urik.
Zer irakatsi dizu abenturak?
Ezer berezirik ez. Teknikoki mendizale gisa askatu egin nau. Mendiak teknikoki oso errazak ziren. Egun osoa igarotzen nuen oinez, hotzagatik ezin zinen geldi geratu. Tarteka galtzerdiak aldatzeko, jateko, denda jartzeko... geldialdiak egiten nituen. Ni bakarrik joan nintzen. Aconcaguan jendearekin elkartu nintzen, baina gero bakarrik geratu nintzen.
Mendian bakardadeak ez dizu beldurrik ematen?
Ez, ohituratuta nago. Gauza asko egin ditut bakarrik, ez dut beldurrik. Sumendien ibilbidera sateliteen bidez jarraipena egin ahal izateko gailu bat eraman nuen, ezer gertatzekotan non nengoen jakin zezaten. Aconcagua, Picos de Europa... bakarrik egin ditut. Aconcagua mendizaleen inauteria da. Garrantzitsuena bakarrik lan egiten jakitea, pisua eramatea... da.
Sustorik izan duzu inoiz?
Aconcaguan ekaitz batek harrapatu ninduen eta gaua 140km/h haize boladekin igaro nuen gaua. Dendak harriz beteta zegoelako iraun zuen, eta inguruan harri eta elurrarekin 60 zentimetroko harresia eraiki nuelako. Gorbeiara ziklogenesiarekin ere igota nago, beraz, hemen ere prestatu liteke.
Eta sorpresa edo ezustekorik?
Bai, jakina! Ni joan naizen gunean ez da ezer ordaindu behar; Aconcagua zeharkatzeagatik, berriz, 600€.
Zer eraman zenuen motxilan?
Wikiloc web gunean Supervolcanes jarrita agertzen da, edo Ojos del Salado idatzita. Bertan eraman nituen gauzen bideoa dago. Arropari dagokionez 6 kapa eraman nituen, sei gerritik gora eta hiru hanketarako. Denda oso arina izan behar da, lumadun lo zakua, sukaldatzeko gasa eta laba txiki bat, mendiko ekipaia (karpoiak, pioleta...). Hala ere, ez nuen erabiltzeko beharrik izan. Pioleta airbaga bezalakoa da, hobe da ez erabiltzea baina beti eraman behar da. Janariari dagokionez nire trukoa piku lehorrak eramatea da, potasio gehien dituen elikagaia delako. Zerealei dagokionez artoa eraman nuen, eta esnekiak ordezkatzeko gazta. Oinetakoei dagokionez “bota sinpleak” eraman nituen, baina oso ondo aislatutakoak (izotzari aurre egiteko).
Esparta ala Espartakotik, nondik duzu gehiago?
Ba al zenekien Espartan sekulako mendia dagoela? Taigeto izena du, 2.000 metro ditu baina itsas mailatik abiatzen da, Anbotoren bikoitza litzake. Espartan ere egona naiz, mendia igo nahi nuen baina burdinik ez nuenez ezin izan nuen joan. Literatura grekoak ere hanketako muskuluetaz hitz egiten du, gimnasioetan ahaztuta dute egun. Bitxia da baina espartanoek, gerlariek, sekulako harremana zuten mendiarekin. Bertara joaten ziren prestatzera.
Aurrera begira baduzu beste erronkarik?
Bread Peakera joango naizelakoan nago. Ekainean egin nahi dut, mendizale asko elkartuko garelakoan nago. Zortzimilakoak zorte kontua dira, eguraldiak dena baldintzatzen du. Oscar Cadiach, Juanito Oiartzabal, Aitor Zerain, Alex Txikon agian ere... Horietako batzuekin baimen batzuk konpartitu ditut, baina bakoitza bere kasa goaz. Ni bakarrik joango naiz, gainera ibilbide ezberdin bat egin nahi dut. Bread Peak oso ondo prestatu behar da, ibilbide gutxien dituen mendia delako, leku bakarretik igo daitekeela dirudi (4 aukera soilik ditu), K2 mendiak zortzi baino gehiago ditu. Everest askoz zailagoa da, baina 20 bat bide ditu, askoz gehiago.
Horretarako entrenamendua gogorra izango da, ezta?
Untzuetara korrika joatea! Pirineoetara askotan joaten naiz “galtzera”. Hau guztia zaletasun gisa egiten dut, ogibidez konstruktorea naiz. Era honetako mendiak egiteko zailtasun nagusia ekonomikoa da. Hemengo mendizaleei dirua emango baliete Bizkaian zortzimilakoak egiten dituzten mila lagun leudeke!