Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du bart gizon bat hil dela trena harrapatu ondoren. Gertakaria Arrankudiagako udalerrian jazo da, Bakiolan antza.
Ezbeharra gaueko 22:10ean gertatu da eta trenen trafikoan eragin handia izan du. Atzo Santo Tomas jaiaren harira eskualdeko hainbat pertsona jaitsi ziren Bilbora eta trenak gelditu zirenez, jende ugari geldituta geratu zen trenbidearen puntu ezberdinetan (Ugao eta Arrigorriagan, adibidez). 00:00ak aldera trafikoa abian jarri bazuten ere, oraindik zerbitzua ez da guztiz egonkortu.
Ertzaintza gertakaria ikertzen dago oraindik eta ez du azalpen zehatzik eman. Hildakoak bere buruaz beste egin duela zabaldu zuten atzo sare sozialetan baina poliziak ez du hipotesi hori berretsi. Momentuz, ikerketa ez da bukatu.