Abenduak 2an, hau da, igande honetan, herri kontsulta egingo dute Arrankudiaga-Zollon. Kontsultan, Arrankudiaga eta Zolloko 16 urtetik gorako biztanleak bozkatu ahal izango dute, eta “Nahi duzu euskal estatu subirano bateko herritar izan?” galdera erantzun beharko dute.
Ideia, Jose Aspiazu (hamar urtez Arrankudiaga-Zolloko alkatea izan zena) eta Joseba Martinek Katalunia eta Eskoziako autodeterminazio prozesuez elkar hitz egiten zeudelarik bururatu zitzaien. Ekintza Aurrera eramateko, herriko jende gehiago sartu zuten gaian eta ideia kaleratu zutenean, laster jende asko batu zen.
Kontsulta egunaren aurretik, ekintza desberdinak gauzatu izan dira. Urriaren 10ean, zigilua eta sinadura jarri zioten boto aurreratuaren hautestontziari, urriaren 17an «Gazta zati bat» pelikula eman zuten eta astebete geroago, urriaren 24an, Jon Maia bertsolari eta zuzendariarekin solasaldia egin zen. Urriaren 19an jaia egin zen.
Arduradun desberdinak hartuko dute parte igandean: Hauteskunde bulegoko pertsona bat, bi mahaikide, Arrankudiaga-Zolloko Udalean ordezkaritza duten indar politikoek izendatutako ikuskatzaileak eta hauteskunde gardentasuna egiaztatzeko prestatu diren behatzaileak. Azken hauek, Asier Blas Mendoza Politika eta Administrazio Zientzien saileko irakaslea, Ramón Zallo Elguezabal Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziaduna eta Xabier Sainz de la Maza eta Oscar Sanchez Setien abokatuak izango dira.
Bukatzeko, esan beharra dago igandeko egitaraua prestatuta dagoela, hurrengo ekintzekin; Goizean, Porrotx, Etxarri-Aranatzeko zanpantzarrak, Ugaoko aizkolariak, kalejira eta Neska-mutilen futbol partidak egongo dira, eta arratsaldean, batukada, DJ Bull eta pilota partidak.
Laburbilduz, prozesu oso herrikoia da igandean Arrankudiaga-Zollon egingo dena, ekintzaz beterikoa.