JAIONE MORGAETXEBERRIA (Arrankudiaga-Zollo) ADOS plataformaren ordezkari gisa aritu da Berria egunkariko irakurleen galderak erantzuten. Herri galdeketa igandean izango da eta horren helburuen inguruan hitz egin du.
Egunean bertan Arrankudiagara bertaratu nahi dugunoi zer egitarau eskainiko diguzuen esaterik? (Mikel)
Egunean zehar ekitaldi hauek izango ditugu: 11:00etan futbola (herriko neska mutilak) 12:00etan Porrotxen kalejira eta Etxarriko joaldunak. 12:30ean Kun Kun Laudioko batukada taldea 13:15ean Ugaoko aizkolariak 17:00etan pilota partiduak (Etxarri-Arrankudiaga) 17:30ean Fita Fik taldearen kalejira 19:00etan Bull Dja. Egunean zehar herriko trikitrilariak arituko dira.
Ateratzen den emaitza ateratzen dela, zer asmo duzue galdeketaren ondorenerako? Emaitzak nonbait aurkeztuko dituzue, zerbait egiteko asmoa duzue horiekin? (Xabi)
Hasiera batetik Gure Esku dago taldearekin kontaktuan egon gara eta Arrankudiaga-Zollon burutzen ari garen ekimen hau abiapuntu bat besterik ez dela argi daukagu.
Espero dugu emaitza oso ona izatea eta Erabakitzeko Eskubidearen sozializaziorako pausu lagungarria izatea, bai gure herrian bai Euskal Herrian.
Zer giro sumatzen da herrian galdeketaren aurretik? Parte hartze zabala espero duzue? (Nekane Agirretxe)
Azken bi hilabete hauetan giroa oso ona da eta aste honetan nabarmena da urduritasuna, alaitasuna, botoa emateko gogoa eta abar. Horren adibidea orain dela 10 egun ospatu genuen herri bazkaria, 150 lagunek parte hartu genuen.
Parte hartze zabala espero dugu, hasieran informazioa eta sozializazioa landu genuen baina orain parte hartzea lantzen ari gara buru belarri.
Oker ez banago Etxarri Aranazko galdeketaren antolatzaileekin aritu zarete elkarlanean bilerak egiten. Zer ikasi duzue haiek izandako esperientziatik? (Mikel Urrutibeazkoa)
Asko, ia dena ez esateagatik. Egia esan beti egon dira gurera etortzeko prest eta etorri ere etorri dira. Protokoloetan eta programa informatikoarekin laguntza izugarria eman digute eta zalantzak erantzuteko beti prest egon dira.
Oztopo batenbat izan duzue Gobernu Espainola edo Urkijoren partetik? 2Etorkzun batean horrelako ekimena benetan eraginkor izateko independentziaren aldeko nahia ateratzen bada horren aldeko tresna desobedienteak martxan jarriko zenituzkete? (amorruaguraso)
Ez dugu inolako oztoporik izan. Hasieratik argi genuen auzotar batzuen ekimena zela eta gure eskubide demokratikoa gauzatu nahi genuela eta egin egingo dugu.
Nola eta nortzuk sortu zenuten Ados Plataforma eta zein da beronen helmuga? (Andeka)
Ideologia ezberdineko (EAJ eta Bildu) bi lagunen arteko harremanetik sortutako ekimena da, horren inguruan talde lan bat sortu da eta azaroaren 2an herri kontsulta egingo dugu.
Galdeketaren ostean, zeintzuk izango dira plataformak emango dituen urratsak? (Aitor)
Lehen esan dugun bezala Gure Esku Dago plataformak erabakitako ildoetatik jarraituko dugu lanean.
Euskal estatu baten inguruan ari zaretenean zertaz ari zarete? Bizkaiaz? Nafarroaz? CAVez? Hegoaldeaz? Euskal Herriaz bere osotasunean? Gustatuko litzaidake erantzutea azken aldian eztabaida hori badagoelako gizartean. Eta horrekin batera, zure baimenarekin beste galdera bat: ez duzu uste zehaztu beharko zenuketela zer estatutaz ari zareten erabakitzen? (Plentxi)
Galdera hori aukeratzean "zerk batzen gintuen" kontuan hartu genuen, jakinda galdera horren atzean eztabaida sakona dagoela.
Ekaineko giza katearen aurrean herrian bizitako elkarlana eta giroa erreferentzia bezala kontuan harturik nola neurtzen duzu oraingoa. Berdindu, txikitu edo handitu da izandakoa? (Jabi Izko)
Argi dago ekaineko giza kateak arrakasta handia izan zuela gure herrian eta horrek animatu gintuen hastapenean zegoen ekimen honi gogo handiagoz ekiteko eta herritarrak errazago hurbildu zitzaizkigun galderak eta proposamenak egitera.
Beraz esan dezakegu giroa, Erabakitzeko Eskubidearen aldeko informazioa eta elkarlana handitu egin dela Arrankudiaga-Zollon.
Etxez-etxe joan zaretela irakurri dut inon. Zer nolako iritziak jaso dituzue? Jendeak parte hartuko duela uste duzue? (Sabina)
Nahiz eta gutxi batzuen erantzuna dudaz beteta egon herritar gehienek oso baikor hartu dute ekimena. Zoriondu eta animatu gaituzte, beraz espero dugu parte hartze handia izatea igandean.
Hemen bukatu da Jaione Morgaetxebarriaren elkarrizketa digitala. Eskerrik asko berari eta irakurleei, galderak bidaltzearren. (BERRIA)
Eskerrik asko Berriari aukera hau emateagatik eta aprobetxatu nahiko genuke beste hainbat pertsona eta talderi eskerrak emateko, besteak beste Etxarri Aranazko herriari, Gure Esku dago taldeari,Gizarte Etxeari eta herrian laguntza eman diguten eta oraindik emango diguten pertsona eta talde guztiei. Bukatzeko, Arrankudiaga Zollora etortzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu. Eskerrik asko