Arrankudiaga-Zollon azaroaren 2an egingo duten herri-kontsultaren harira aurrerapausoak eman dituzte. Prozesua arautuko dituzten protokoloak prest daude: prozedura orokorra, boto sekretua aurretik emateko aukera, segurtasuna, hauteskunde-mahaia eta ikuskatzaileentzako, hauteskunde-batzordearentzako eta behatzaileentzako funtzionamendua erabaki dute. “Hauteskunde-mahaiaren irekiera eta itxiera akta” eta “Hauteskunde-mahaiaren emaitzen akta” ere zehaztu dituzte.
Bestalde, antolatzaileak herriko talde gehienekin eta udalean ordezkariak dituzten alderdiekin elkartu dira eta mahaiburu eta mahaikide lanak beteko dituzten pertsonak aukeratu dituzte, pluraltasuna, adina eta sexua aintzat hartuta.
Hori gutxi balitz, egitaraua prestatu dute: urriaren 10ean, zigilua eta sinadura jarriko diote boto aurreratuaren hautestontziari, urriaren 17an «Gazta zati bat» pelikula emango dute eta astebete geroago, urriaren 24an, Jon Maia bertsolari eta zuzendariarekin solasaldia egingo dute. Urriaren 19an jaia ospatuko dute. Informazio kanpaina ere abiatuko dute.