Berakatz-eguna: Jaietarako 1000 odoloste, auzolanean

Erredakzioa 2014ko abu. 18a, 08:25

Urtero bezala, aurten ere herritar talde bat bilduko da Arrankudiagan, helburu komun bat auzolanean gauzatzeko asmoz: Berakatz Egunean jan ohi diren odolosteak prestatuko dituzte.

Urtero bezala, aurten ere herritar talde bat bilduko da Arrankudiagan, helburu komun bat auzolanean gauzatzeko asmoz: Berakatz Egunean jan ohi diren odolosteak prestatuko dituzte.
Auzolan horretan parte hartzen duten kideek azpimarratu dute odolosteak prestatzearena “lan izugarria” dela. 200 kilo odolki prestatzen dituzte, 1000 odoloste inguru egiteko. Hala ere, antolatzaileak ziur dira aurten, aurreko urteetan bezala, 15-20 pertsona inguru bertaratuko direla lanera. Eta ez nagusiak bakarrik: “Jende gaztea ere bertaratzen da, odolosteak nola egiten diren ikastera batez ere”, azaldu dute. Bakoitzari lan zehatz bat egokitzen zaio odolosteak egitearen prozesuan, baina lana denon artean egiten dutela adierazi dute antolatzaileek, “giro onean”. Horregatik, herritarrak auzolanera bertaratzera animatu nahi dituzte, “geroz eta jende gehiago izan orduan eta errazago suertatzen da lana egitea”.
Jaietako azken egunean, Berakatz Egunean, odolosteak jateko ohitura dago. Auzolanean prestatutako odoloste gehienak Gizarte Etxean kozinatu eta zerbitzatuko dira. Beste kopuru txikiago bat, berriz, “etxean afaldu nahi duten auzokideei” salduko diete, “pertsona nagusiei batez ere”.
Jatorria, Gizarte Etxean
Odolosteak auzolanean prestatu eta jatearen ohitura Gizarte Etxeari lotua dago, 1979an sortu zena. Lehenago ere bazegoen herrian odolosteak afaltzearen ohitura, baina bakoitzak bere baserrian egin eta jaten zituen, antolatzaileen esanetan. Orain, berriz, herriko zein herritik kanpoko jendea bertaratzen da  afaltzera. “Badago urtero-urtero herrira odolosteak jatera bertaratzen den jendea. Laudiokoa bezala, zita garrantzitsua bilakatu da Arrankudiagakoa ere”.
Ospeak ospe, odolosteak ohiko osagaiekin prestatzen dituztela ziurtatu dute antolatzaileek: odola, arroza, koipea, porrua, kipula, perrexila, gatza eta pipermina.


Festazaleentzako, berakatz zopa

Izenak dioen bezala, berakatzek ere presentzia handia dute Berakatz Egunean. Jaietako egun potoloa izan ohi da eta ugariak izango dira herritik ibiliko diren parrandazaleak. Goizeko bostetan bertatik dabiltzanek berakatz zoparekin tripa berotzeko aukera izango dute. Urtero egiten den errituala da; eta, berakatzaren eta kalimotxo edota garagardoaren arteko kontrastea bortitzegia suertatu daitekeen arren, zoparena ekimen arrakastatsua dela ziurtatu dute antolatzaileek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide