JOSEBA MARTIN (Santurtzi, 1961) "Harrien oroimena" ekimenaren sustatzaileen artean dago. Frankismoaren errepresioa pairatu zuten Arrankudiaga-Zolloko herritarrak oroitu nahi dituzte horren bitartez eta igandean burutuko duten ekitaldiarekin monolitoa jarriko dute herriko plazatik gertu. 13:00etan hasiko da.
Nola bururatu zitzaizuen “Harrien oroimena egitea”?
Aspaldiko ideia da. 78 urte beteko dira uztailaren 18an errepublikaren aurkako estatu kolpea izan zenetik.
Herri askotan egin dira omenaldiak errepresioa pairatu zutenak omentzeko. Arrankudiaga-Zollon ez da horrelakorik egin eta aipatu genuen nahiko zela, bazela garaia zer edo zer egiteko.
Hori izan zen abiapuntua eta gero gauza batzuk borobildu ditugu eta prest gaude igandean asmoa betetzeko.
Ba al dakizue zenbat pertsonek sufritu zuten errepresioa guda garaian?
Guk ditugun bitartekoekin zaila da baina nahikotxo mugitu gara, Arrankudiagan eta Zollon, familiekin hitz egiten... ez dago oso dokumentatuta eta familia batek beste senide batzuengana bidaltzen zintuen... eta horrela hainbat izen atera ditugu.
Beti geratuko da baten bat, azken finean familia bat herritik joan bada aztarna galduta egongo da. 49 pertsonen kasuak jaso ditugu.
Haien artean 5 pertsona frontean hil ziren, beste batzuk borrokan zaurituak izan ziren, beste batzuk atxilotuak, beste batzuk preso, pertsona bat erbestean hil zen... denetarik dago, herri gehienetan bezala, suposatzen dut.
Arrankudiaga-Zollo bezalako herri batean jende asko da. Batzuek erabaki zuten askatasunaren alde borrokatzea eta faxismoari aurre egitea. Kasu gehienetan batzuk ANVkoak ziren eta beste batzuk PNVkoak.
Horiek gudan parte hartu zutenak. Beste hainbeste gudaren ondorioak sufritu zituzten faxistek guda irabazi zutenean.
Zerrenda hori egiterakoan zeintzuk izan dira erabilitako irizpideak?
Guda garaiko urteak hartu ditugu irizpide gisa. Guda osteko urte batzuk ere -bi, zehazki- aintzat hartu ditugu, mendeku eta salaketa kasuak eman ziren eta .
Nolakoa izango da ekimena?
13:00etan hasiko da. Gure asmoa hasieratik izan da herrikoia izatea, laburra, sentikorra... herriko jendeak parte hartuko du abesten, txistua jotzen... eta monolitoa ere jarriko dugu, betirako egon dadin.
Itziar Duoandikoetxeak inauguratuko du alkate gisa.
Azalduko dugu nondik datorren ideia...
Zein da “Harrien oroimenaren” esanahaia?
Jarriko dugun monolitoa harrizkoa da. Horrekin adierazi nahi duguna da harria beti egon dela presente herrian, harrizkoak dira etxeak eta harria herriaren oroimena dela. Lotura hori mantendu nahi dugu errepresioa pairatu zutenak oroitzeko.
Nolako harrera izan du ekimenak herrian?
Orokorrean oso ondo. Araba Batailoian egon ziren Arrankudiaga-Zolloko batzuk eta beste batzuk Paduran. Horren ondorioz herriko jendea banatuta egon zen.
Baina datuak emateko eta gogoratzeko erantzuna ona izan da. Jende nagusiak batez ere parte hartu du, pasadizo politak kontatu dizkigute eta gustatu zaie.
Inork ez du esan ez zuela horren inguruan hitz egin nahi.
Igandeko ekitaldiarekin amaituko duzue ekimena edo jarraipena izango du?
Monolitoaren bitartez aro bat amaituko dugu, baina igandean aipatuko dugu pertsona pare bat daudela prest jarraitzeko, baina eperik eta presarik gabe.
Haiek hartuko dute zerrenda eta borobilduko dute izen gehiagorekin. Horrelako gauzek exijitzen dute lana; sakonagoa eta aurrekontu handiagorekin. Adibidez Salamancara joatea ikertzera, armadaren museotara, Sabino Aranaren fundaziora...
Lan hori beharrezkoa da egitea eta jende zehatza prest dago, gogoak eta interesa daukatenak. Again liburu txiki bat argitaratuko dute baina garrantzitsuena da historia ez galtzea. Badakigu historia nortzuk idatzi zuten; hau da, faxistek.
Herriaren oroimena ezin da galdu, hori baita benetako historia eta gu idazteko gai bagara bertan geratuko da betirako.
Bestalde, aipatu nahi nuen talde ugarik atxikimendua eman dutela eta babes zabala lortu dela. Hauek eman dute babesa: Gizarte Etxea, Ramon Azkue Kultur Elkartea, Erretiratuen Elkartea, Pagobakarra Taldea, Ernai, Bildu, EAJ, Kamaraka Esku Pilota Taldea, Gurasoen Elkartea, Indarra Futbol taldea, Atxeta eta Zolloko juntak.