“Sentsibilitate politiko ezberdineko” Arrankudiaga-Zolloko auzokide talde batek “Euskal herri independiente batean bizitzeko eskubideari buruzko erreferedum-kontsulta bat” egin nahi du herrian, “Etxarri-Aranatzen, Eskozian edo Katalunian bezala”. Hala adierazi dute herritarren etxeetan banatu duten oharrean.
Sentsibilitatea politiko ezberdineko pertsonek osatutako talde bat lehen urratsak ematen hasi dela gaineratu dute, eta pertsona gehiago inplikatu nahi dituzte egitasmoan, “erronka handia” delako. Horretarako aurkezpen publiko bat egingo dute datorren ekainaren 20an 19:00etan Gizarte Etxean, “ekimenaren nondik norakoak eta egin beharrekoak azaltzeko”. Herriko norbanako zein kolektiboei bertaratzeko deia luzatu diete.
Arrankudiaga-Zollo, aitzindari
Udalerria aitzindaria izan zen erabakitzeko eskubidearen defentsan. Frankoren heriotza eta gero, bertako garaiko udal-gobernua izan baitzen Euskal Herriko independentziaren aldeko jarrera erakutsi zuen lehena; eta aho batez egin zuen gainera.