[Erreportajea] Faxismoaren aurkako hesia atzo, ondare historikoa gaur

Txabi Alvarado Bañares 2014ko mai. 20a, 13:48

1936ko altxamendu militarra lehertu zenean, Hego Euskal Herriko lurraldeek bi bandoetako bat aukeratu behar izan zuten. Nafarroak eta Arabak militar matxinatuekin bat egin zuten. Bizkaiak eta Gipuzkoak, aldiz, Errepublikarekin. Aiaraldea, baina, erdian zegoen; oin bat Araban, Bizkaian bestea. Hori dela eta, Bizkaia defendatzeko sortu zen Burdin Hesiak zeresan nabarmena izan zuen eskualdean.

1936ko altxamendu militarra lehertu zenean, Hego Euskal Herriko lurraldeek bi bandoetako bat aukeratu behar izan zuten. Nafarroak eta Arabak militar matxinatuekin bat egin zuten. Bizkaiak eta Gipuzkoak, aldiz, Errepublikarekin. Aiaraldea, baina, erdian zegoen; oin bat Araban, Bizkaian bestea. Hori dela eta, Bizkaia defendatzeko sortu zen Burdin Hesiak zeresan nabarmena izan zuen eskualdean.
“Laudio aurrean bi fronte garrantzitsu zeuden”, azaldu du Laudio Memoria elkarteko kide den Jon Muñozek. “Urduñako frontea zegoen alde batetik, eta Gorbeiako frontea izango litzatekeena bestetik”. Gauzak hala, errepublikanoek ez zekiten altxatuak nondik sartuko ziren, Muñozen esanetan.
Burdin Hesiak Aiaraldea zeharkatzearen beste arrazoietako bat Zolloko urtegia babestea izan zen, Sancho de Beurko elkarteko Jose Angel Brena Alonsoren arabera. Alonsok azaldu du urtegi horrek Bilbo osoko biztanleriari ematen ziola edatekoa eta, horregatik, nahitaez babestu beharreko  lekua zela.
Sancho de Beurko elkarteak 2008tik darama Burdin Hesia ikertzen, Eusko Jaurlaritzaren kargupean, eta Aiaraldeko zatia ere aztertu du.  Zati horrek Laudio, Okondo eta Arrankudiaga  zeharkatzen ditu, Gazteluzar, Kamaraka, Mugarritza eta Goikogana mendietatik.
Bost izan ziren guztira hesiak izan zituen sektoreak, eta Aiaradetik igarotzen zena  hirugarrena zen, Alonsoren hitzetan.
Obra sektoreak, berriz, 16 ziren. “Kamaraka alboko baserri batean, Santa Luziatik hurbil, fortifikazio sektoreko aginte postu bat zegoen”, azaldu du Sancho de Beurko elkarteko kideak.
“Eskumakoek zein errepublikaren aldekoek” hartu zuten parte eraikuntza lanetan, Muñozek azpimarratu duenez. “Ahozko elkarrizketa batzuetan pertsona batzuek kontatu digute nola euren senideei eskumakoak izateagatik etxera joaten zitzaizkien bila, hesian lan egitera igo behar zirela esanez”.
Hala ere, gero trukean dirua eta janaria ematen zitzaiela gaineratu du Laudio Memoria elkarteko kideak.

Porrotera arte
Obrak etengabekoak izan ziren hesian, eta ia-ia Bilbo erori zen arte iraun zuten, militar altxatuen tropek ez zutelako Burdin Hesia Aiaraldetik zeharkatu. “Errepublikaren aldekoak birplegatu egin ziren eta Enkarterrietara jo zuten”, azaldu du Muñozek, eta gaineratu du hori dela eta ez zela enfrentamendu zuzenik egon, Ellakuri aldean “enfrentamendu txiki batzuk” egon ziren arren.  
Harresiaren porrotaren kausetako bat Alejandro Goikoetxea ingeniari militarra altxatuen bandora igaro eta berarekin hesiaren planoak eraman izana izan zen. Baina ez zen kausa nagusia izan, Alonsoren arabera, hegazkin italiarrek airetik hesi osoaren argazkiak atera eta mapa bat osatua zutelako jada.
Laudiotik igarotzen den Burdin Hesiaren zatiak lau metrailadore hobi ditu. Laurak Kamarakako beheko partean daude.
Arrankudiaga partean ere hainbat hobi eta trintxera mantentzen dira; eta, Guda Zibilean zehar kaltetuak suertatu ez ziren arren, gerra ostean eztandarazi egin zituzten. Hobiak hormigoizkoak zirenez lehergailuz txikitu zituzten zeukaten burdina hartzeko.
Batzuetan inguruko baserritarrak ziren hori egiten zutenak, Alonsoren hitzetan. Burdina salduz dirua lortzen zuten.
Baina Aiaraldeko kasuan gobernu frankista izan zen lan hori egin zuena, autarkiaren garaian lehengai gehiago lortzeko.

Harresitik ondarera
Burdin Hesiaren Laudioko  zatia, baina, berritua izan da. Udaletik Sancho de Beurko elkartearekin jarri ziren harremanetan, eta hauek zeuden aztarnei neurriak atera eta argazki zein planoak egin zizkieten. “Bagenekien Burdin Hesia Aiaraldetik igarotzen zela, baina oraindik ez geneukan aztertuta”, azaldu du Alonsok.  
Behin azterketa hori eginda, udaleko langileen brigada bat bertaratu  zen, hobiak berritzeko asmoz. Lurra kentzen hasi ziren, jatorrizko zorua lurpetik atera arte. Garaiko aztarna gutxi aurkitu zituzten, Sancho de Beurko elkarteko kidearen arabera; “alanbre pikotx batzuk eta hezetasunaren ondorioz gogortutako trintxeretako hainbat zementu zaku”.  
Orain, hobiak garbituak daude, eta bati sabai berria jarri diote. Horretaz gain, trintxeretan zementuzko zakuak eta alanbrada jartzea ere pentsatua dute, 1936an zeukan itxura izan dezan.
Ondare historikoa berrituta, berau ezagutarazteko ekimena jarri du martxan udalak, Basabideak egitasmoaren baitan. Burdinazko Hesia bisitatzeko ibilbide bat diseinatu dute. Bidean zehar kartelak jarri dituzte, txangoa egitera animatzen den edonoren eskura.

Gauzak egiteke
Gutxi falta zaie Sancho de Beurko elkarteko kideei Burdin Harresiaren inguruan egiten ari diren ikerketa guztiz bukatzeko. Laudio Memoria elkarteko kideak ere lanean ari dira, Burdin Hesian ez ezik, Gerra Zibil osoan zehar Laudiok eta eskualdeak jokatu zuten papera aztertzen.
Laudio Memoriako kideen hurrengo helburua Juan Ibarrolaren figura aztertzea izango da. Laudioarra izan zen Ibarrola, eta iparraldeko kanpaina guztian parte hartu zuen Gerra Zibilean. Teruelen ere aritu zen Errepublikaren alde borrokatzen, gerra amaitu arte. Jon Muñozek uste du Ibarrola figura moduan “alboratua” geratu dela, gerran zehar garrantzi nabarmena izan zuen arren.
Horregatik, Ibarrolaren bizitzari buruzko ikerketa bat abiaraziko dute elkartetik. Senideekin kontaktuan jarri dira horretarako, eta zenbait hitzaldi eskaintzeko asmoa dute. Ikerketaren azken fruitua Ibarrolari buruzko liburu bat argitaratzea izango litzatekeela aurreratu du Muñozek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide