Arrankudiagan, Bakiola eta Atxeta zeharkatzen duten errepideetan aldaketak egin dituzte. Bakiolako errepideko lanak aurki bukatuko dira. Abenduan lur-jauzi handi bat gertatu zen eta errepidea moztuta egon zen.
Ondorioz, egun batzuetan bidea itxi eta trafikoa autopistatik bideratu zuten. Horregatik, obrak abiatu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak.
Lehenbizi lekua hormigoitu egin dute; eta orain arte alboan zeuden zuhaitzak bota eta sarea jartzen ibili dira. Obra hauek direla eta, puntako orduetan auto-ilara luzeak sortu dira asteetan zehar. “Obrak Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu ditu, errepidea aldundiarena delako”, zehaztu du Itziar Duoandikoetxea Arrankudiaga-Zolloko alkateak. Aldundiak udalari jakinarazi dionaren arabera, printzipioz obrak datozen egunetan bukatuko dira.
Atxetan, abiadura murrizketa
Ez da hori izan, ordea, Arrankudiaga-Zollo inguruetan egondako moldaketa bakarra. Atxetako errepidean ere aldaketak egon dira. Azken aldian hiru edo lau istripu izan dira bertan, “batzuk oso arriskutsuak”, zehaztu du alkateak. Horregatik, udalak Foru Aldundiari bide-seinaleak jartzeko eskaera egin zion. Hori dela eta, bide tarte horretan 30km/orduko abiaduran igarotzea agintzen duen bide-seinalea jarri dute.
Duoandikoetxearen ustez, ordea, hori ez da nahikoa: “Errepidea labainkorra dela abisatzen duten bide-seinaleak ere egon beharko lirateke”. Izan ere, abiadura handian pasatzekotan talka egiteko arriskua dago. Azkeneko istripua irailean izan zen, auto batek pertsona bat harrapatu zuen.