Uda bukatzear den arren oraindik agertzen dira han hemenka gure eskualdean zehar zenbait auzo eta herritako jairik; asteburu honetan, adibidez, Laudio eta Arrankudiaga udalerrien artean kokaturiko Atxeta auzoak bereak ospatuko ditu.
Jai hauetan burutuko diren ekintzen artean honakoak nabarmendu daitezke:
Larunbatean, irailak 15, baserriko produktuen erakusketa eta salmenta burutuko da baita marmitako eta tortilla lehiaketak ere. Bertan parte hartzeko 12:00etan eman beharko da izena tortilla nola marmitako lehiaketetan, handik ordubetera lapikoak aurkeztu behar izango direlarik. Marmitako guztiek honako oinarrizko osagaiak izan beharko dituzte bestalde: bonitoa, patata, piperra eta tipula. Lau sari emango dira guztira: lehen saria 75 euro eta txapela, bigarrena 50 euro, hirugarrena 30 eta dieta 10 euro eta gazta izango dira hurrenez-hurren. Tortillari dagokionez 35, 25 eta 20 euroko sariak emango dira lehen saritik hirugarrenera, dieta moduan pastela banatuko zaie laugarren geldituriko taldekide guztiei.
Eguerdiko 12:00etatik hasita jai giroak hartuko du auzo hau, ordu horretan jaiei hasiera ofiziala emango zaielarik txupinazoa eta ordubete geroago hasiko den poteo-joteoarekin. Ordubiak aldera marmitako arestian aipaturiko marmitako eta tortilla saridunak emango dira ezagutzera horren ondoren hauek herri bazkari batean janak izango direlarik.
Larunbat arratsaldea etxeko txikienei zuzendua egongo da oso-osoki 17:30etatik hasita bi ordutan zehar buruhandiak, apar jaia, txokolatada eta Galaktika saioaren animazioa izango direlarik bata bestearen ostean. Gauean zehar Yumas Band taldearekin erromeria burutuko da 20:30etatik aurrera, halaber, tartean, ohiko lez, urteroko odoloste jana izango da.
Jaiek igandean ere jarraituko dute goizeko 11:30etako txistularidun kalejirarekin hasirik, ondoren meza izango da. 13:00etan Etorki taldearekin dantza ikustaldia burutuko da eta ordubete geroago beste kalejira bat izango da txistulari eta trikitilarieki, folkloreak ere tarte nabaria izango du beraz. 14:30etan hasiko da herri bazkaria, horren ondotik bingo jokoa egingo delarik ere. Arratsaldean zehar hainbat joko burutuko dira haur zein nagusientzat: twister zein igel lehiaketak eta baita gaztelu puzgarriak ere.
Arratsaldeko 20:00etan izango den Pinedo taldearen erromeriaren ostean jaiei amaiera emango zaie gaueko hamarretan burutuko den "Pobre de mi" delakoaren ostean.