Elexaldeko gunea itxi egingo da umeak ikastetxean uzteko eta jasotzeko orduetan azaroaren 4tik aurrera. Eskola egunetan, goizeko 9:00etatik 9:45era eta 16:00etatik 17:00etara, ezin izango da herrigunean ibilgailu partikularrekin sartu. “Eskola Bidea” deituriko proiektu honek garraio-bide iraunkorrak sustatu nahi ditu Lehen Hezkuntzako ikasleen artean; isuri kutsagarririk gabeko garraio-bideak, etxetik eta eskolarako oinezko joan-etorriak, modu autonomoan eta ibilbide seguru batean sustatzeko.
Mugikortasun ohiturak jasotzeko inkesta egin zuten lehenbizi ikasleek. Ondoren, errealitatearen emaitza txostena egin dute eta azkenik eskolako guraso eta irakasleekin bilera. Bilera horietan, garrantzi berezia eman zaio eskolara sarreretan segurtasun neurriak ezartzeko beharrari; haur garraioa egiten duten bi autobusek maniobratzeko arazoak dituztelako umeak eskolan utzi eta jasotzerakoan eta sartzen diren autoek umeak egoera arriskutsuetan jartzen dituztelako. Hori horrela, egoera hobetzeko esperientzia pilotua abiatzea proposatu da.