"Txerriboda lehen jai baten modukoa zen"

JON ABRISKETAk (Zollo, 1993) 14 urte zituenetik hartzen du parte txarribodetan. Aitaren lehengusu batengatik ikasi du nola hil, zatikatu eta gorde animalia. Pausuz pausu zer egiten duten azaldu du.

Zollon txarribodak aspalditik egiten dira. Noiz eta nola?

Zollon txarribodak aspalditik egiten dira. Noiz eta nola?

Azaroaren 11an, San Martin egunaren inguruan egiten da, hotz egiten duenean. Lehen jai baten modukoa zen. Guk auzokoen artean egiten dugu, hemen ia etxe guztietan txerriren bat dago, orduan auzokoen artean egiten dugu. Txerria hiltzeko bost pertsona behar dira, baina egun handia izaten denez 10 bat pertsona batzen gara.

Zure esperientzia pertsonala nolakoa izan da? Noiz hasi zinen txarribodetan parte hartzen?Nola?

Nire etxean beti jan da txerria. Aitari lekukoa hartu diot. Txerriak hiltzen 14 urterekin hasi nintzen, etxean utzi zidaten eta. Nire aitaren lehengusu batek erakutsi dit dakidan guztia.

Txerria hiltzeak nolako prozedura eskatzen du?

Urtean zehar elikatu egiten da. Hil baino egun bat lehenago ez zaio janaririk ematen, zaharrek esaten dute txerria baraurik egon behar dela tripak hutsik izan ditzaten. Hil ostean txerria zabaldu eta eskegi egiten da, tripak kendu eta etxeko portalean eskegitzen dugu okela hozteko eta hurrengo egunean hobeto zatitzeko.


Txerria hiltzen duzunean odola ateratzen da. Hurrengo egunean pernilak, urdaila… ura eta gatzarekin jartzen da bi egun kontserbatzeko. Eta ondoren, lehortzen utzi.

 

Zenbat denbora irauten du gutxi gora behera txerriboda batek?

Guk normalean asteburu bat erabiltzen dugu. Barikuan txerria hil, zapatuan txikitu eta domekan hozkailuetan sartu edo txorizoak egin. Hozkailu potenterik ez dugunok okela bi egun uzten dugu beratan, eta gero txorizoak… egin.

 

Txerri batetik zenbat haragi ateratzen da?

Nahiko. Familia baterako urte osorako okela ateratzen da.

 

Denborarekin txerriak hiltzeko teknikak aldatu dira. Hiltegian ala tradizionalki hiltzea txerria, zer duzu zuk nahiago?

Hiltegira eramatea konplexua da, dirua gastatu behar duzu txerria eraman eta. Niri gehiago gustatzen zait tradizionalki egitea eta saltsan egotea.

 

Zenbat pertsona behar dira txerria hiltzeko?

Normalean bost pertsona egoten dira. Lau lagunekin ere egin liteke, batek gantxoarekin hartzen du txerria eta besteek hankak eutsi.

 

Bitxikeriarik ezaizue pasa?

Egunen batean bai, txerriak ihes egin digu. Gertatzen diren gauzak dira, noizbehinka sustoren bat eramaten du jendeak.


Txerriak sumatzen du hilko dutela?

Bai, egunero ordu berdinetan janaria ematen zaiola daki. Hara ez joateak, inguruan mugimenduak sumatzeak… alertan jartzen du. Txerri bat baino gehiago hiltzen baduzu bigarrenak badaki nora doan. Korta berdineko txerri bat baino gehiago hiltzen duzunean bigarren edo hirugarrenak odola beltzagoa izaten dute, tentsioagatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide