Iberlandako futbol-zelaiko fokuak aldatuko ditu aurten Arrankudiaga-Zolloko udalak. “Eraginkortasun energetikoa hobetzea” izango da aldaketa horren helburua, udaletik jakinarazi dutenez. Orain sodio-lurrunezko hogeita lau lanpara daude zelaian eta obra honen bidez Led teknologiara aldatuko dira. Modu horretan, atmosferara isuritako CO2 eta SO2 kopuruak murriztuko direla aurreikusten du udalak, “aurrezpen energetiko garrantzitsu bat” lortzearekin batera.
44.286,00 euro inbertituko dira obra horretan. Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak emandako 26.571,60 euroko diru-laguntza baliatuko da horretarako, eta Energiaren Euskal Erakundetik ere beste diru-kopuru bat jasotzea espero du udalak.