JOSEBA MARTIN (Santurtzi, 1961) Arrankudiagan bizi da duela urte asko. Bere anaia Txus Martin Euskal Preso Politikoa da. Borroka gogor bat abiarazi dute Txusen senide eta lagunek, bere osasun egoera dela eta, kalera atera dezaten.
Kanpaina bat abiatu da Txus Martin, Euskal Preso Politikoaren askatasuna eskatzeko. Zein da bere egoera?
Txusek 10 urte daramatza kartzelan: 8, estatu frantseseko hainbat kartzelatan, estatu espainiarrari entregatu arte. Orain, Arabako Zaballako kartzelan dago, eta gaixotasun psikiko larria dauka, nahaste eskizo-afektiboa.
Gaixotasun honen lehen sintoma antsietatea izan zen, eta kartzeletan eta lekualdaketetan jasotako tratuaren ondorioa da. Datu garrantzitsu bat: 5 urte eman ditu gela txikietan isolatuta, etengabeko zaratarekin, atsedena hartzea eragozteko. Isolamendu horren beste ondorio bat izan da ez duela harremanik izan ez beste preso politiko batzuekin, ezta preso arruntekin ere.
Horri guztiari gehitu behar zaio kartzela batetik bestera eramaten zutenean edo epaiketetara edo epailearen errekerimenduetara eramaten zutenean, burua estalita eramaten zutela, belarrietan kaskoak jartzen zizkiotela eta eskuak eta oinak lotu egiten zizkiotela. Frantziako estatuko kartzeletan kondena bete zuen azken uneetan, bere buruaz beste egiten saiatu zen. Orain, bere osasun egoerak txarrera egin du, eta iritzi orokorra da gero eta txarragoa dela.
Bi urtetan, bere konfiantzazko psikologoa hirutan baino ezin izan da egon Txusekin, eta bisitetako batean baldintzak oso txarrak izan dira, kartzelako psikologoa aurrean egon baitzen, eta horrela ia ezinezkoa da bere osasun egoeraren diagnostiko zehatza egitea. Duela bi astera arte, ez da lortu eskaner bat egiteko baimena. Eskanerrak lesio edo kalte zerebralak baztertzeko aukera emango du.
Euskal Preso Politiko ugari daude gaixorik, gure eskualdean Jose Angel Biguriren kasua daukagu ere. Argi dago adibide guztiak oso zailak dira konponbide bat bilatzeko momentuan. Gaixotasun psikiko baten diagnostikoak gartzelatik ateratzea zailago egiten du? Zein izan da erakunde publikoen jarrera orain arte?
Txusek daukan gaixotasunaren antzekoak dituen preso baten arazoa da kartzelak ez duela inolako neurririk hartzen, pastillak ematearena ez bada, eta pastilla horien helburu bakarra da presoak arazoak sortzea eragoztea eta presoak bere buruaz beste egitea ekiditea.
Hau da, Txus urduriago dagoela uste badute, kartzelakoentzat dosia igotzea da konponbidea. Horren ondorioz, ia egun osoa lasaigarrien eraginpean dago, oroimen-galerak ditu, denbora guztian etzanda edo lotan egon nahi du, eta bisitetara desorientatuta irteten da. Eta, hain zuzen ere, kartzelan “arazo falta” hori “hobekuntzatzat” hartzen dute.
Baina kartzelaren teoria horrek badauka kontraesan handi bat: “hobekuntza” horrek ez du eragiten Txusek aplikatutako daukan protokolo berezia etetea. Bere buruaz beste egitea ekiditeko da protokolo hori, eta beti dago beste preso batekin. Arartekoari azaldu diogu gaia, baina berak esan zigun ezin duela ezer egin, gaia Madrilen ardurapekoak dela.
Beste maila batean, nabarmentzekoa da hainbat herritan (Arrankudiaga, Basauri, Galdakao) Espainiako gobernuari legea aplikatzeko eta Txus aske uzteko eskatzeko mozioak onartu direla. Badakigu beste herri batzuetan ere aztertuko dutela eta, datuen arabera, adostasun zabal batekin onartuko dira: Zeberio, Arrigorriaga, Arakaldo edo Urduña.
Pasa den astean egindako kanpaina beste kanpaina zabal baten barruan kokatzen da. Zeintzuk izan dira egindako ekimenak eta zeintzuk hurrengo urratsak?
Nik ez nuke esango kanpaina, areagotzen joan den lan iraunkorra baizik. Talde bat sortu zen Basaurin, eta talde horrek kasuaren berri eman zuen, harremanetan jarri zen hainbat eragileekin eta propaganda lana egin zuen.
Horren ondorioz, herri askotan taldeak sortu dira, gaixorik dauden Txus, Biguri eta beste presoen kasuez gain, preso politikoen egoera ezagutzera emateko lan egiten dutenak. Ezin dizut esan datu zehatzik, baina manifestazio, kontzentrazio, prentsaurreko… ugari egin dira. Milaka informazio-orri ere banatu dira, kartelak jarri, harreman-bilera ugari erakunde sozialekin, politikoekin, sindikalekin…
Hurrengo urratsak? Nire ustez, funtsezkoa da egun lan dinamika eta, beste aukera batzuk baztertu gabe, dinamika horrek eragin dezake bidegabekeria alde batera uztea eta Txus aske geratzea, daukan gaixotasuna baldintza egokietan eta behar dituen bitartekoekin tratatzeko. Dinamika hori, gainera, gero eta jende gehiago erakartzen ari da Txus aske uzteko eskakizunera.
Nola sentitzen zarete senideak, babestuta sentitzen zarete?
Niretzat, hau da galderarik zailena. Eta ez da hala ez daukadalako argi sentitzen dudana, esker oneko sentimendu hauek, jendeak helarazten dizkigun ilusio, animo sentimendu guztiak adieraztea zaila delako baizik.
Egia da une zailak direla guretzat, Txusen egoerari buruzko berriak ez direlako optimismoa eragiteko modukoak, baina egia da gauza txikiek (irribarre egiten ikustea, edo bisita batean “bizkortuago” ikustea) animatu egiten gaituztela. Hala ere, zalantzarik gabe, lagungarriena aurrera egiteko hainbeste jenderen babesa jasotzea da.
Horregatik, elkarrizketatxo hau amaitzeko eskerrak eman nahi dizkiet, familia osoaren izenean, Txusek bizi duen oinazeari amaiera emateko esfortzuak eta sakrifizioak egiten ari diren pertsona guztiei, bakoitzak bere neurrian egindako ekarpenarekin, elkartasunaren benetako esanahia helarazten baitiote zuzenean familiari. Eskerrik asko zuei ere.