TXOMIN EGILUZek eta Markel Iturrizarrek ikerketa gauzatu dute Arrankudiaga, Arakaldo eta Zolloko historiari buruz XIX. mendean. Ostiralean 19:00etan Gizarte Etxean hitzaldia eskainiko dute.
Arrankudiaga, Zollo eta Arakaldori buruzko ikerketa aurkeztuko duzue ostiralean, ezta?
Hasierako asmoa zen guda karlistaren eragina ikertzea, baina hiru herri horietako gertakari garrantzitsuenak jaso ditugu, 1800-1850 urte bitartekoak.
Gure ustez garai garrantzitsua da. Arrankudiaga 5 kilometroko haitzartea da eta trenbidearen agerpenarekin (1850. urtearen ostean) utzi zion herri inportantea izateari merkataritzan eta garraioan.
“Lehenengo geltokiak Aretan eta Ugaon zeuden eta Arrankudiaga burbuila batean geldirik geratu zen denboran, ez zen hazi”.
Areta zen Gasteiz eta Pancoroboko bideen gurutzada eta trenak baztertu zuen errege bideko garraioa.
Zuentzat zein da mugarri historikoa?
Gure aburuz Arantzazuerreka da. Gastaka auzoa eta Areta artean dagoen haitzartean eragin handiko puntua da.
“Bertan gertakari garrantzitsuenak jazo ziren, adibidez, Espartero jeneralaren aurka jarri zuten enbor-bonba 1.835ean”.
Frantziarren aurkako gerrilariek ere eraso zuten konboi bat han eta, antza, bidelapurrak asko aritzen ziren bertan eta behin gorpua topatu zen.
Zein da enbor-bonbaren historia?
Guk bagenekien Esparteroren aurkako erasoa egon zela gerra karlistan, enbor-bonba baliatuta. Agidanez, lehergailuak zauritu zituen Espartero edo bere zaldia eta armada liberalaren zenbait soldadu.
“Esparterok Arakaldo osoa erre zuen, bi baserri, eliza eta udaletxea ezik”.
Kontua da behin ikusi genuela Arakaldon jarri dutela plaka -Labayen-ek eta udalak- eta ez dugula gogoko edukia, esaten baitu Espartero erailtzen saiatu zirela. Erailketa hitza iraingarria da, gerra ekintza izan baitzen.
Gure ustetan, gatazka erradikala zegoen eta, gainera, alde kaltetuena Arakaldo izan zen. Dena erre zuten liberalek eta eskerrak ez zutela herritarrik harrapatu. Ondorioz, erailketa hitza erabiltzea, gehiegikeria iruditzen zaigu.
Hori abiapuntua izan zen eta horren harira hainbat kontu agertu dira. Badakigu non sortu zituzten enbor-bonbak, nork asmatu zituen...
“Enbor-bonba gehiago jarri zituzten errege bidean. Hori guzti hori azalduko dugu hitzaldian”.
Karlisten helburua zen lehergailu horiekin liberalak ikaratzea errege bidea utz zezaten. Izan ere, Arrankudiagan karlistek zuten biltegi logistikoa berebizikoa izan zen gerran.
Egia da Arrankudiagan ez zela batailarik eman, baina bertako biltegia ezinbestekoa zen karlisten horniketa bermatzeko. Zumalakarregik 1835ean Bilbo setiatu zuenean elikagaien eta hainbat konturen banaketa Arrankudiagako biltegiaren esku utzi zuen. Udaletxean zegoen. Gerra bukaeran 10.000 errazio banatzen zituen armada karlistako soldaduen artean.
Zeintzuk izan dira iturriak?
Juan Carlos Navarro laudioarraren biltegia, Laudioko Udalaren biltegia -Eduardok lan ona egiten du- Bizkaiko Foru Aldundiko eta Espainiar Armadako dokumentazioa, Espainiako Hemeroteka Nazioanala, karlistaldiei buruzko bibliografia eta hainbat idazle.
Oñatin ere bazegoen inprimategia eta bertan kronikak plazaratzen zituzten. Horiei esker jakin izan dugu Espainiako Don Carlos (Fernando VII.enaren anaia) hemen egon zela 1839ean. Politikoki gertakari garrantzitsua da.
“Erregea Laudion egon zen, Kukutze bisitatu zuen eta Luiaondotik gertu ibili zen, ez zen heldu etsaien obusak oso gertu zeudelako, eta Arrankudiagan lo egin zuen”.
Bergarako akordioarekin ere harremana dauka eskualdeak, Amurrio, Ugao eta Arrankudiaga artean hasi baitzituzten elkarrizketak Lord Jonh Hy Ingalaterrako ordezkariak, Marotok eta Esparterok.
Jasotako informazioarekin zerbait idatziko duzue?
Printzipioz, ez, hitzaldia emango dugu eta nahikoa. Erakusketa egongo da Gizarte Etxean, azaltzeko nolakoa zen Arrankudiaga XIX. mendean. Planoak ditugu horretarako.
Hala ere, zenbait gertakari ez dago oso garbi; bidelapurren jarduera, frantziarren saiakera herria erretzeko, gerrillarien erasoak...
Emakumezkoen protagonismoa ere landuko duzue, ezta?
Bai, ez dakigu zergatik, baina emakumezkoek modu aktiboan parte hartu zuten frantziarren aurkako erresistentzian, Basaldua izeneko emakume batek, Mikaela Larrakoetxeak, esaterako, Arrankudiagan.
Berez, Laudioko eta inguruko zenbait emakume erbesteratu zuten, Joakina de Urkijo adibidez. 1811n atxilotu eta epaitu zuten eta, ondorioz, Gasteizera bidali. Gero Frantziara erbesteratu zuten hiru urtez. Antzekoa gertatu zitzaion Okondoko Garabilla izeneko emakumezko bati.
Une horretan emakumezkoek garrantzia daukate eta gerrilarriekin elkarlanean aritzen dira. Bi aldeetan, gainera, frantziarren aurka eta alde.
Gero, ez dakigu zehazki zergatik, emakumezkoek ez zuten garrantzi hori izan Karlistaldietan, nolabait itxi ziren mundu pribatuan (etxean, umeen zaintzan...).