Arrankudiaga-Zolloko mendizaleek taldea sortu dute. Matxinkorta izena jarri diote egitasmoari, eta ibilaldien berri emateko sare sozialetan txokoa egokitu dute. Horien artean dago Facebook kontua, edo matxinkorta@gmail.com helbide elektronikoa.
Matxinkortako kideen arabera, urtean osoan hainbat ekintza antolatzeko asmoa dute: herritik ibilaldiak, Euskal Herriko eta inguruko txoko ezberdinetara txangoak, eski irteerak...
Alabaina, maila guztietara egokitutako jarduerak egingo dituztela aurreratu dute: "Umeekin egin ahal izatekoak zein zailtasun handiagokoak".
Urtarrilaren 22an aurkezpena
Hilaren 22an egingo dute lehenengo ekintza: aurkezpen jaia. Goizeko lehen txanpan, 9:30ean, mendi-ibilaldia egingo dute, 10 kilometrokoa.
Bidean barrena, baina, txitxiburduntzia izango dute, Madalenan, hain zuzen, 11:00etan. Eguerdian iritsiko dira Arrankudiagara, eta bertan egingo dute trikipoteoa. Aurkezpen gisa, 14:30ean bazkaria antolatu dute Gizarte Etxean 12 euroren truke.