Arrankudiagako eskolako eta frontoiko argiak Led teknologiara aldatuko ditu udalak. Lan horren helburua izango da “eraginkortasun energetikoa” hobetzea, “atmosferara isuritako CO2 eta SO2 kopuruak” murriztea eta “aurrezpen ekonomiko garrantzitsua” lortzea. Udaletik adierazi dute eskola dela, gaur egun, energia gehien kontsumitzen duen udal eraikina. Argiteria berriarekin kontsumoa erdira jaistea espero dute.
40.368 euroko aurrekontua
Proiektua egiteko 40.368 euroko aurrekontua erabiltzea aurreikusi dute. Diru laguntza bat eskatu du udalak horretarako, Bizkaiko Foru Aldundian. Ez da eraginkortasun energetikoa lortzeari begira udalerrian egingo den lehen obra izango. Kaleko argiteriako lanparak eta futbol-zelaiko fokuak aldatu dituzte aurreko urteetan.