Udal aurrekontuak onartuta, Oxinburuko proiektua abiatuko dute

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko mai. 25a, 10:01

Oxinburun gizarte etxea eraikitzeko proiektuak aurkezteko epea zabaldu dute. / Ezkurra aldizkaria

Aho batez onartu dira aurrekontuak.

2017ko udal aurrekontuak onartu ziren iragan asteko udalbatzan. Arrankudiaga-Zolloko Udalak txosten bi osatu ditu: bata, egonkortasun informea; eta bestea jasangarritasun ekonomikoarena, biak emaitza positiboarekin.
Egonkortasunari dagokionez, 37.925 euro aurreztu dituzte 2016an; hori da pilatu duten soberakina. Izan ere, % 11 murriztu dira gastuak. Udal aurrekontuetan aintzat hartuta ez zeuden hainbat lan udal soberakinetik ordaindu dituzte: Oxinburuko obrak, URAren proiektuko bigarren zatia eta semaforoen instalazioa. Hori dela eta,  egungo soberakina 626.000 eurokoa da.

Hala, Uribarriko aterpe-kulturguneko obrak aurten bukatzea da asmoa. Uribarriko etxola konpontzeko bizilagunek 8.000 euroko ekarpena egin zuten, eta Udalak 21.000€ jarri ditu. Itziar Duoandikoetxea alkateak adierazi duenez, ordea, obrak gauzatzeko hainbat diru-laguntza jaso dute: “18.700 euroko ekarpena jaso dugu. Guztira, 45.200€ inguru balioko du aterpeak, altzarietarako 1.356€ beharko baitira”.

Adostasuna nagusi
Zernahi gisaz, aho batez onartu dira aurrekontuak. Alta, Urtzi Bergara EAJko zinegotziak Iberlandako jolasgunea berritzeko eskaera egin zuen, Zollon espaloi bat eraikitzearekin batera.

Udal gobernu taldeak kulunkak berritu eta konpontze lanetan ari dela erantzun zion, eta parte hartzea sustatze aldera gogorarazi zuten herritarrek proposamenak egin eta erabakitzeko batzar irekiak antolatzen dituztela. “Zolloko beharrizanak eta proiektuak bertan erabakitzen dira”, erantsi zuen Garazi Abrisketa EH Bilduko hautetsiak.

Oxinburuko proiektua
Oxinburu eraikina zaharberritzeko Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntza eman dio udalari lehenengo fasea burutzeko. Gizarte erabilpenetarako egokitu nahi dute etxea, kutur ekintzak egikaritzeko. Edifizio zaharra izaki, ezinbestekoa da birgaitzea. Hori dela eta, ekainaren 23 arte egongo da proiektuaren idazlana aurkezteko epea, zerbitzuaren kontratazioa egiteko.

“Publizitaterik gabe egingo dugu, herriko arkitektoak edota herriarekin lotura daukatenak gonbidatu ditugu, eta seikeman dute baiezkoa”, argitu du Duoandikoetxeak. Unai Gorostizaga zinegotziak nabarmendu duenez, maiatzaren 25ean egingo dute azalpen edo aurkezpen bilera, Oxinburun bertan.

Gaztetxea eta jaiak
Arrankudiagan gaztetxea egokitu dute herriko gazteek, antzinako udal igerilekuan. Alderdi guztien babesarekin onartu zen behin-betiko adjudikazioa, errentamendurako prozedura irekiaren barruan lehiaketara aurkeztu ondoren.

Bestalde, abuztuaren 12tik 16ra izango dira herriko festak.  Nerea Zarate zinegotziaren esanetan, batzar irekien bidez antolatzen dira jaiak: “Gai korapilatsua denez lau saio egin ditugu, apropos. Deialdia iragarki-taula guztietan jartzen da, eta Jai batzordeak erabakitzen du jaien antolaketa, era demokratikoan”. Aurten, hortaz, lau egun jarraituetan ospatuko dituzte Andramariak.

Beste zenbait kontu ere onartu ziren udal bilkuran. Esaterako, BFArekin hitzarmena egitea, kontratazio nagusien bidez eskurapen zentralizatuaren sistemara atxikitzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide