Atzo hasi zenuten 48 orduko greba. Zer moduz doa?
Lanuzte ugari egin ditugu orain arte, lan-prozesua geldotu eta modu horretan presioa egiteko. Gaur (elkarrizketa atzo arratsaldean egin zen) jendea nahiko animatua ikusi dut. Hala ere, pauso bat gehiago eman behar dugula uste dut. Badago nire adineko hainbat jende inplikatzen ez dena, egin behar zuten dena egin dutela uste dutelako. Sarritan eztabaidatzen du eurekin, uste dudalako portuaren heriotza ekidin behar dugula.
“Prest gaude gure soldataren % 5a murrizteko, lanpostu finkoak mantentzearen truke”
Zintzotasunez diot: asko eragingo lidake gailentzea portuan ezarri nahi duten funtzionamendu berria. 29 urteko seme bat daukat. Ez dakit noizbait portuan lan egingo duen, baina bera ez bada beste bat izango da. Nire familiako eta lagun koadrilako kide askok dituzte seme-alabak portuko ETTan lan egiten. Batzuk 12 urte daramatzate ebentual gisa, eta nahiko nuke eurek ere nik izan ditudan lan-baldintza berdinak izatea finko egiten dituztenean. Hori da eskatzen dugun gauza bakarra. Prest gaude gure soldataren % 5a murrizteko, lanpostu finkoak mantentzearen truke.
Bizitza osoa daramazu portuan lan egiten. Aldaketa asko sumatu dituzu azken hamarkadetan?
Bilboko Udaletxea dagoen tokian hasi nintzen lanean, eta Zierbenan nago orain, portuaren amaieran. Nire aitak ere portuan egiten zuen lan, eta bere garaian egondako gatazka guztiak (industria-birmoldaketa kasu) bizi izan ditut. Ni orain jubilatzeko garaian nago, teorikoki. Portuak aurrera jarraitzea nahiko nuke, baina ez naiz oso itxaropentsua.
Zergatik?
Enpresa txinatarrak sartu direlako portuaren kudeaketan. Espainiako Estatuak utzi die sartzen, eurekin duen zorra ordaintzeko. Estatuko portu guztietan daude dagoeneko, Bilbokora ere iritsi dira. Atzo agertu zen komunikabideetan albiste txiki bat zioena zamaketariok arrazoia genuela: Multinazional txinatar bat arduratuko da Bilboko edukiontzien % 50a mugitzeaz. Subrogazioan datza gure arazoaren muina. Geratzen den jendeak bere lanpostua mantentzea nahi dugu.
“Multinazionalek erabakiko dute nor kontratatu eta zein preziotan”
Zertan aldatuko da portuko egoera?
Sektorea pribatizatuko da. Orain lan-poltsa bat dago. Portuetako enpresetako langile finkoak daude bertan, eta badaude baita aldi baterako kontratatzen diren langileak, dagoen lan-zamaren arabera kontratatzen direnak. Hori da desagertuko dena: multinazionalek erabakiko dute nor kontratatu eta zein preziotan.
Sektorea liberalizatuko da, beraz.
Erabat. Portuan edonork lan egingo du, baina multinazionalek ezarritako baldintzetan. Orain baldintza eta soldata batzuk daude zehaztuta, enpresek ezarritakoak. Baina orain enpresa horietako batzuei errentagarriagoa suertatzen zaie euren burua multinazional txinatarrei saltzea zamaketari-enpresa gisa jarraitzea baino. 16 urte nituenean 14 zamaketari-enpresa zeuden Bilboko portuan eta gaur egun lau daude, eta horietako bat (Noatum) multinazionalengatik xurgatua izan berri da.
“Bilboko portura zetozen enpresak hemengo baldintzetara moldatu behar izan dira. Hori horrela izateaz arduratu gara gu. Horregatik jipoitu gaituzte komunikabideek”
Komunikabideek eta gobernuak langile pribilegiatuak izatea egotzi dizuete.
Gaizki tratatu gaituztela uste dut. Bilboko portura zetozen enpresak hemengo baldintzetara moldatu behar izan dira. Hori horrela izateaz arduratu gara gu. Ni 2.000 euro jasotzen baditut aldi baterako kontratuaren lanean hasten dena ni bezain beste kobratuko du. Hori da kendu nahi dutena.
Horregatik jipoitu gaituzte komunikabideek. Urtero 90.000 edota 100.000 euro irabazten ditugula esatera iritsi dira. Ez dakit zein den beste portuetako egoera, baina ziurtatu dezaket Bilboko eta Pasaiako portuetan behintzat ez dela halakorik ematen. Nik harrotasunez esan dezakedana da ebentual gisa dauden gazteek gure baldintza berdinetan lan egiten dutela, gu bezain beste irabazten dute. Asko pozten nau horrek, eta horrela mantentzea nahiko nuke.
Bartzelona eta Balentziako portuetan lan egiteko beste modu bat dago, dagoen lan zamaren araberakoa. Hau da, lan gutxi badago oinarrizko soldata jasotzen dute langileek, eta ontzi handi bat hustu behar denean lanegunak bikoiztera iristen dira. Bilbon ere egiten dira halakoak, baina langileak erabakitzen du ordu gehiago sartu nahi dituen edo ez.
“Nik harrotasunez esan dezakedana da ebentual gisa dauden gazteek gure baldintza berdinetan lan egiten dutela, gu bezain beste irabazten dute”
Logikoa da jendeak inbidia izatea, baina inbidia sanoa, hitzarmen duin bat lortu dugulako. Jubilatzeko zorian nago ni. Erraza izango litzateke niretzat etxean geratzea, baina asko izorratuko ninduke hau guztia suntsitzea. Nire senide asko izan dira zamaketariak.
Aldarrikatzen duzuena lortzeko aukerarik ikusten duzue?
Nik uste dut ez dugula lortuko. Susmatzen dut txarraren artean “onena” emango digutela, eta hemendik hiruzpalau urtera ekingo diotela dena suntsitzeari.
LAB sindikatuan militatzen dut nik, eta gutxiengoa gara Bilboko portuan. Itsasoko Langileen Koordinadorak du gehiengoa Estatu Espainiarrean, eta beraren esku daude negoziazioak.