Behark arkitekto taldeari esleitu dio Arrankudiaga-Zolloko Udalak Oxinburu birgaizteko egikaritze-proiektua idazteko kontratua. Eraikin hori guztiz berritzea da asmoa, herriko jarduera sozial eta kulturaletarako baliatzeko. Hainbat espazio eta ekintza barnebilduko ditu etxeak: nagusientzako espazioa, sukaldea, ariketa fisikoa egiteko txokoa, ikasgelak, batzar gelak eta ekitaldi jendetsuak egiteko erabilera anitzeko aretoa.
Behark taldeak aurkeztu du dagoeneko esleipena gauzatzeko beharrezko dokumentazio guztia, eta laster ekingo dio oinarrizko proiektua eta egikaritze plana diseinatzeari, udalak jakinarazi duenez. Gauzak hala, tokiko erakundeak aurreikusi du obrak datorren urtearen hasieran hastea.
Aurkezpen publikoa
Aurreproiektua herritarrei plazaratzeko aurkezpen publikoa egingo dute datorren igandean, urriak 22an. 11:30ean izango da zita, eskolan. Galdetegi txiki bat emango diete bertaratzen diren auzokideei, egitasmoaren inguruan duten iritzia plazaratu dezaten.