Karobiak antzina karea eskuratzeko erabiltzen ziren erakinak ziren. Karea oso produktu erabilia zen baserrietan, hala nola, zuritzeko erabiltzen zen, edota ortuko ongarri gisa. Karea kareharriaren egoste prozesutik lortzen zen. Horretarako bi-hiru metrotako zilindro formako labeak eraikitzen ziren, karobiak hain zuzen.
Behin-behineko aurkikuntzak
Arrankudiaga-Zolloko bizilagunek herriko karobiak bilatzeari ekin diote. Ondo kontserbatutako bi karobi aurkitu dituzte eta sastraka artean erauzitako beste bat. Karobiak ez ezik, karobietarako beharrezkoa zen kareharri meatze batzuk ere aurkitu dituzte.
Ikaztegien inguruan, Arbideko zubi ondoan eta Aranzazukoerreka-Urgoso aldean egin dituzte aurkikuntzak. Bereziki harrituta agertu dira ikaztegien ondoan azaldutako karobiarekin, hau oso ondo kontserbatuta baitago.
Ez dituzte, ordea, euren datuen arabera, herrian ustez zeuden karobi guztiak aurkitu. Antza, zortzi karobi baino gehiago egon beharko lirateke herrian. Uribarri, Larunbe eta Uriola auzoetan hasiko dira orain bilatzen.
Aurkitutako karobiak zaharberritzeko lanak hasiko dituzte orain. Erakinak ondo garbitu eta modu egokian seinaleztatu nahi dituzte herriko ondare hau bizilagun guztien esku uzteko.