Azaroaren bigarren asteburuan izango dira Zolloko Sanmartinak. Ohiturari jarraiki, aurten ere auzolanean prestatuko dituzte hainbat gune. Garazi Abrisketa Zolloko Juntako kidearen esanetan, eliza inguruak egokituko dituzte. Egitekoen artean daude belarra moztea edota eremua txukuntzea.
Urtean bi auzolan
"Uda baino pixkat lehenago eta jaien atarian egiten ditugu auzolanak", adierazi du. Larunbateko hitzorduan kanposantua garbituko dute, Domusantu egunagatik. 9:00etan jarri dute hitzordua, eta 12:00ak inguruan egingo dute indarberritzeko hamaiketakoa.
Bataz beste 15 bat lagun elkartu ohi dira, "gehienak gizonak". Hori dela eta, dei berezia egin diete Zolloko emakumeei, herri dinamiketan parte har dezaten: "Tradizioari begiratuta, beti eskatu da baserri bakoitzeko gizon bat egotea, lege ez idatzia izan da. Bada garaia gauzak aldatzeko".