Batzokian margoketa egin dutela salatu du Arrankudiaga-Zolloko EAJk

Erredakzioa 2017ko aza. 7a, 11:49

Ibon Iparragirreren egoera salatzen zuten eginiko margoketek. / EAJ-PNV

Ostiral gauean egin zuten pintaketa, Arrankudiaga-Zolloko EAJko kideek salatu dutenez.

Prentsa oharra plazaratu dute Arrankudiaga-Zolloko EAJko kideek iragan larunbat goizean Batzokian agertutako margoketak salatzeko. “Ezuzteko handia” jasotzeaz gain, “lotsa eta pena” sentitu zituztela aipatu dute jeltzaleek. “Ezustekoa, lehenengo aldia baita Arrankudiagako Batzokiak honelako eraso bat jasotzen duela eta pena eta lotsa, berriz, ulertezina delako edozein egoera salatzeko alderdi politikoen egoitzen kontra erasotu behar izatea”. Larriki gaixo dagoen Ibon Iparragirre presoaren askatasuna exijitzen zuten margoketek. 

Preso dauden pertsonen eskubideen defentsa
Alderdi jeltzaleko kideek azpimarratu dute preso dauden pertsona guztiek “legeak bermatu beharko lituzkeen osasun zerbitzuak jasotzeko eskubidea izan beharko lutekeela eta are gehiago hiltzeko zorian dagoen preso batek”. Horregatik, adierazi dute ezin dutela margoketa onartu, “ez baitauka inolako zentzurik gizarte honetan ematen diren gaitz guztiak EAJri leporatzea”.

EAJko kideek azaldu dute kartzelen konpetentzia ez dagoela Eusko Jaurlaritzaren esku eta, beraz,  “ezer gutxi” egin dezaketela gai horren inguruan. “Badirudi eraso horiek gauzatzen dituztenen helburu bakarra presoen egoera salatu beharrean,  haiek izan ditzaketen arrazoi ezberdinengatik EAJ erasotzea dela soilik”. Horregatik, hurrengo batean pintadak "euren etxeko hormetan" egiteko gonbita luzatu diete margoketen egileei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide