Oinarrizko pieza izan ziren gaztainak Arrankudiaga-Zolloko historian. Herriak lotura estua izan du gaztainondoen fruituarekin. Garrantzia hori aldarrikatzeko asmotan antolatu dute "Gaztaina Eguna".
Urte luzez ahaztua egon arren Arrankudiagaren historia pasarte hori erakusten duten ebidentziak atera dira azken aldian argitara. Urgoso inguruan aurkitutako kirikiño-hesia da garrantzitsuena.
Kirikino-hesiak, aintzina, gaztainak gordetzeko erabiltzen ziren eraikuntza zirkularrak ziren. Aspalditik zeukaten Urgosoko kirikino-hesiaren berri, hainbat ikerlariren lanetan aipatua izan baita. Basoaren egoerak, ordea, izkutuan mantendu du auzokide talde batek aurkitu duen arte.
Ekainean egin zuten aurkikuntza eta urrian burututako auzolanen bidez ingurua garbitu eta kirikino-hesia berreraiki dute.
Hitzaldia eta txangoa
Aurkikuntza oinarri harturik “Gaztaina eguna” antolatu dute. Bihar, azaroak 17, hitzaldia eskainiko dute Gizarte Etxean, 19:00etan. Bertan Arrankudiaga eta gaztainen arteko lotura historikoaz arituko dira. Igandean, aldiz, ibilaldia egingo dute herriko plazatik abiatuta, Urgosora. 9:30ean hasiko da txangoa.