Zer dela eta zaude orain Argentinan eta nola bukatu duzu Amerikan?
La Platako Unibertsitate Publikoan irakurle izateko premiazko deialdia ireki zen. Argentinako Euskal Diaspora lehenagotik ezagutzen nuen, 2014ko udan Bahia Blancako Euskal Etxean egon nintzen Hurbildu izeneko proiektuan parte hartzen, eta deialdia ikusi nuenean bihozkada sentitu eta hautagai gisa nire burua aurkeztea erabaki nuen.
Hautaketa prozesua berdina da beti: aurkeztu ahal izateko gutxieneko baldintza batzuk bete behar dira, unibertsitate titulu bat eta EGA izatea, alegia. Hortik aurrera denak puntuatzen du, masterrek, ikastaroek, kongresuek, argitaratutako artikuluek, hizkuntza tituluek, euskararen irakaskuntzan izandako lan-esperientziak etab.
Etxeparek puntu gehien lortzen dituzten hiru aurre-hautagai izendatzen ditu, eta tokian tokiko unibertsitateetara bidaltzen ditu euren kurrikulumak. Azken hitza unibertsitateak du, hark erabakitzen du nor nahi duen.
"Maiatzean deitu ninduen Etxepare Institutuak eta erabaki behar nuen Argentinara bizitzen joateko prest nengoen"
Nire kasuan, deialdian zehazten zen apiril erdialderako egon behar zela irakurle berria Argentinan, eta epea pasata zegoenez beste bat hautatu zutela pentsatu nuen. Maiatzaren erdialdean deitu ninduten Etxeparetik eta egunean bertan esan behar nuen handik bi astera Argentinara bizitzera joateko prest nengoen ala ez.
Hasierako shock-aren ondoren, baietz erantzutea erabaki nuen, La Platara etorriko nintzen. Ez nintzen lehen aukera izan, baina kasualitatez edo hemen nago.
Nire lana euskara eta euskal kultura irakastea eta zabaltzea da. Lau talde ditut, hainbat maila, adin eta interesetakoak. Hori dela eta, ezberdina da klase bakoitzaren dinamika. Batzuek alde kulturala lantzea nahiago dute, eta beste batzuek, ordea, hizkuntzari ematen diote garrantzia.
"Argentinako biztanleriaren %10 euskaldun jatorrikoa da"
Klaseez gain, ekintza kulturalak antolatzea ere bada nire lana. Duela gutxi Mikel Urdangarinek Argentinako Euskal Astean jo behar zuela eta, hemen zegoela profitatuta, hitzaldi musikatua antolatu genuen Unibertsitatean.
Orain euskararen egunerako prestaketetan buru-belarri gaude. Bi ildotatik lantzea erabaki genuen: alde batetik euskara praktikatu nahi duen orori klasetik kanpo praktikatzeko aukera eman nahi diogu eta horretarako mintzodromoa antolatzen gabiltza. Autobusak egongo dira Buenos Airesetik eta Chascomusetik.
Bigarren ildoa hizkuntza gutxituena izango da. Beltzean Mintzo dokumentala proiektatuko dugu. Horren ostean Jon Sarasua euskal soziologoarekin konektatuko gara skype bidez eta amaitzeko, mahai-ingurua egingo dugu Argentinako hizkuntza indigenen hiztunekin.
Zenbat denbora eman duzu dagoeneko han eta zenbat gehiago egongo zara?
Maiatzaren 26an heldu nintzen La Platara, sei hilabete egingo ditut laster etxetik kanpo. Unibertsitateak gehienez 3 urtez geratzeko aukera ematen du, hori egin dute aurreko irakurleek. Ni momentuz beste urtebete egongo naiz, hortik aurrera auskalo, etorkizunak erabakiko du.
Tarte nahikoa daramazu Argentinan, zein izan da ezusterik handiena?
Gehien harritu nauen gauzetako bat ikasle mugimenduak duen indarra izan da. La Plata Buenos Aires herrialdeko hiriburua da, administrazio erakundeak daude, baina, batez ere, unibertsitate hiri bat da.
Hezkuntza publikoa guztiz doakoa da, eta horretaz gain, Boletín estudiantil izenekoari esker, ikasleek hainbat eskubide lortu dituzte (lortu, diktadura militarreko La noche de los lápices izenez ezaguna den gauean hainbat ikasle gazte, adin txikikoak gehienak, bahitu eta hil zituzten Boletín estudiantil lortzeko borrokan ari zirelarik), estatuak berak dirua ematen die ikasleei garraiorako eta jantokia dute non bi euro baino gutxiagoren truke bazkaldu dezaketen.
Euskal komunitatearekin harremana duzu, nolakoa da?
Euskal komunitateak hamaika aurpegi ditu, norbanako bakoitzak deserrotze sentimendua era ezberdinean bizi duen heinean. Familia bakoitzak bere istorioa du du, hainbat arrazoi zirela medio heldu baitziren lurralde hauetara.
Argentinako biztanleriaren %10a euskal jatorrikoa dela kalkulatzen da (3,6 milioi) eta horrek, ezinbestean, errealitate konplexua sorrarazten du. Zaila da euskal komunitate bakar batez hitz egitea.
Euskal Etxe bakoitzaren funtzionamendua ezberdina da. Migrazio olatu ezberdinak izan dira eta euskaldunen jatorriak baldintzatzen du, esaterako, Euskal Etxe bakoitzaren jai nagusia zein izango den. La Platara heldutako euskaldun gehienak nafarrak izan ziren, ondorioz hemengo Euskal Etxeko jairik garrantzitsuena San Fermin da.
Euskal Etxe bakoitza eta euskal erakunde bakoitza ezaugarri ezberdinengatik da ezaguna. San Nicolaseko Euskal Etxea ezaguna da corralitoa gertatu ostean jantoki bat sortu zuelako, auzo txiroenei janaria emateko.
"Estereotipoen aurka borrokatzen dute belaunaldi berriek"
Perfil anitzak daude, kontuan hartu beharra dago euskaldun mota ezberdinak heldu zirela lurralde hauetara. Batzuk halabeharrez, beharrak bultzatuta etorri izan ziren. Beste batzuk, ordea, konkistatzaileak izan ziren.
Estereotipoak ere badaude, eta belaunaldi berriek horiekin amaitzeko egiten duten lana azpimarragarria da. Teknologia berriei esker, hemengo unibertsitateetara datozen ikasle euskaldunekin dituzten harremanak direla medio, eta elkartrukatzeetan parte-hartzearen poderioz, esango nuke aurreko belaunaldiek baino harreman errealagoa dutela Euskal Herriarekin.
Interes handia sortzen du euskal kulturak?
Zalantzarik gabe, eta interesa baino gehiago, harrigarria da euskarak eta euskal kulturak hemen duten prestigioa, Euskal Herrian zenbait kasutan ez duena.
Interesaz gain, presentzia ere badu. La Platan, esaterako, Euskal Etxea dago, La Platako Unibertsitate Publikoan Etxepare Euskal Institutuak duen irakurletzaz gain. Cátedra de libre pensamiento vasco ere badago, eta hilabetean behin, Universidad del Este izenekoan Cátedra abierta de Cultura y Lengua vasca dago Euskal Etxean, Juan de Garay eta Universidad del Esteren arteko hitzarmen bati esker.
"Harrigarria da euskal kulturak duen prestigioa"
Horrez gain, hemengo plaza nagusian, alde batean katedrala dago, beste aldean udaletxea eta plaza horren erdian Gernikako arbolaren kimua, 1957an landatutakoa. Hori guztia La Platan bertan.
Buenos Airesen urtero antolatzen den Buenos Aires celebra al País vasco bezalakoak hemengo euskal komunitatearen erakusleiho dira. Imajina dezakezue horrelako zerbait Londresen edo Erroman?
Aztarna handia utziko dizu bertan egoteak?
Bai. Oso lan polita da, hunkigarria eta nire aletxoa ereiten ari naizela sentitzen dut. Sekulako jendea ezagutzeko aukera izan dut, eta euskal diaspora benetan ezagutzen ari naiz, barrutik. Nire aitxitxek, beste hainbatek bezala, frankismo garaian Euskal Herritik alde egin behar izan zuen bere aitari ezarritako isunak ordaindu ahal izateko.
Estatu Batuetara joan zen, Boisen ibili zen artzain lanetan. Hark Euskal Herrira bueltatzeko aukera izan zuen, ez ordea beste askok. Pertsona horien ondorengoek gure herriarekiko duten jakin-mina ahal den neurrian betetzen ari naizela pentsatzeak ni, behintzat, asebetetzen nau.