aiaraldea.eus

"Arrankudiaga-Zollok ekarpen handia egin zuen faxismoaren aurka, besteak beste, 100 errefuxiatu hartu zituen"

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Aspuru Saez   Historia  Arrankudiaga-Zollo

TXOMIN EGILUZ eta MARKEL ITURRIZAR bihar egongo dira Arrankudiaga-Zolloko Gizarte Etxean hitzaldia ematen. Herrian gerra zibilak eragindako hondamendia azalduko dute, eta erakusketa inauguratuko dute.

Zeri buruz arituko zarete ostiralean?

Hitzaldiaren izenburua izango da "Arrankudiaga-Zollo 1936-1937". Euskal Herrian urte horretan izan zen Gerra Zibila, Espainian gehiago iraun arren. Aipatuko dugu zer gertatu zen Arrankudiaga-Zollon gatazkak iraun zuen bitartean, baita aurrekariak zein ondorioak ere.

Nola bururatu zaizue eta zeintzuk izan dira zuen iturriak?

Maiatzean egin genuen herrian jazotako bonbardaketei buruzko hitzaldia, eta hau da jarraipena; fusilatuak, desagertuak, hildakoak, konfiskazioak... Batez ere, artxibategietara jo dugu eta herriko jendearekin mintzatu gara.

Zein zen egoera Arrankudiaga-Zollon gerra hasi baino lehen?

Udal gobernuan EAJ zegoen une horretan, baina apur bat lehenago tradizionalistak zeuden. Hau azaldu behar da, garrantzitsua baita. Frente Popular koalizioak 1936an hauteskundeak irabazi eta gero, Espainiako Gobernu Ordezkariak eman zuen agindua udalak berriro osatzeko. Berez, jeltzaleek udal guztiek utzi zituzten Euskadin 1934an, salatzeko Estatutuak ez zuela aurrera egiten. Hortaz, Frente Popularraren garaipenarekin itzuli ziren.

"1934tik 1936ra bitartean tradizionalistek gobernatu zuten udala, EAJkoek dimititu ostean"

 Berez, EAJk tradizionalistekin parte hartu zuen 1934an Hauteskunde Orokorretan, Marcelino Orejaren alderdiarekin, horiek Estatutua ahalbidetuko zutela esan baitzuten, baina ez zen horrela izan.

Hori zela medio, EAJko 4 zinegotzik dimititu zuten herrian. 2 zinegotzi tradizionalistek gobernatzen zuten, batzorde baten bitartez. Hori nabarmendu behar da, faxistek Arrankudiaga-Zollo hartu zutenean, berriro jarri baitzituzten tradizionalistak udalean.

Zein izan zen egoera herrian gerra hasi zenean?

Hiru gertakari garrantzitsu egon ziren; Victor Perearen gorpua agertu zen, Urduñako "Iturrino" idazkaria ere hil zuten eta Epalza -herriko jauntxoa, nolabait esatearren- hiltzeko saiakera ere jazo zen.

"Arrankudiaga-Zollok 800 biztanle zituen eta 100 errefuxiatu hartu zituen"

 

Irailean Eusko Jaurlaritzak errefuxiatuak hartzeko deialdia zabaldu zuen eta Arrankudiaga-Zollok 100 ingururi egin zien ongi etorria. Aintzat hartu behar da udalerriak 800 biztanle zituela, gutxi gorabehera.

Herri eskuzabala izan zen eta etxeetan, eskoletan eta Epalzaren etxean -konfiskatua- sartu zituzten.
Emakume Abertzale Batzak -EAJren antolakundeak- mobilizatu zuen gizartea, horien burua izan zen Rosa Gorostizaga.  Errefuxiatu gehienak gipuzkoarrak ziren, Zarautz edota Donostiakoak, baina Burgosekoak edo Nafarroakoak ere bazeuden. Batzuk umeak ziren eta eurekin harremanetan jartzen saiatu gara, baina asko duela gutxi hil dira.

Esparru militarrean zein izan zen eragina?

Azaroan hasi ziren Burdin Hesia eraikitzen; Kamarakan, Goikoganen, Albitzarrin... eta Zollotik Ugaora.
Abenduan erasoaldia egon zen faxismoaren aurka Legution eta herriko gizon bat hil zen bertan. Hurrengo hilabeteetan frontea mantendu zen, eta gertatu ziren borroketan Arrankudiaga-Zolloko zenbait herritar hil ziren.

 

Mola Jeneralaren erasoa ere ikertu duzue. 
Martxoan Mola Jeneralaren erasoa hasi zen eta faxismoari aurre egiteko mobilizazio orokorra  egin zen Arrankudiaga-Zollon. 18 urtetik 40 urtera bitarteko gizonezkoen artean, hain zuzen; 100 lagun baino gehiago guztira. Horiek batailoi ezberdinetan bukatu zuten, ez ziren guztiak EAJkoak, ANV-EAEkoak ere bazeuden, adibidez, edo sozialistak.

"1937ko martxoan mobilizazio orokorra egin zen eta 100 gizonezko gerrara joan ziren"

 

Anteró Aretxagaren kasua da hori, UGTko militantea. Asturiasen hil zen bera, Nalón ibaian egindako erasoaldian. Sasetarekin batera zegoen Asturiasen. Aniztasun hori ere azpimarratu nahi dugu.
Apirilean hasi ziren bonbardaketak Durangon, Gernikan, Zornotzan eta hemen ere.

Noiz bukatu zen gerra?

Ekainaren 19an sartu ziren faxistak Arrankudiaga-Zollon. 22an egin zuten udalbatza eta aurreko zinegotzi tradizionalistak ez ezik, beste 3 ere izendatu zituzten. Orduan hasi zen erabateko errepresioa: kale izendegiak aldatu, espainiar ikurra jarri, fusilamenduak, salaketak....


Hemengo jende gehiena Santoñan atxilotu zuten. Batzuk espetxeratu zituzten eta beste batzuk etxera bidali zituzten. Hitzaldian zerrendatuko ditugu nortzuk egon ziren zigor batailoietan, zeintzuk atxilotu zituzten eta zeintzuk fusilatu. Azken horien multzoan zeuden Ramon Azkue, eta Angel Egaña (zalantzak ditugu zergatik fusilatu zuten, Padura Batailoikoa zen eta), adibidez. Gregorio Urkijo arakaldoarra ere gogoratu nahi dugu.

Zein izan zen emakumeen egoera?

Nabarmentzeko bi pertsona egon ziren: Prudentzia Gorrotxategi eta Rosa Gorostizaga.
Prudentzia atxilotu eta espetxeratu zuten Saturraranen, 6 urtez. Egoera lazgarrian egon zen. Asko sufritu zuen eta kartzelaratu zuten tontokeria baten ondorioz, orain bezala. Altsasuko gazteenak ez badauka ez hanka ez buru, Prudentziarena antzekoa da.

"Prudentzia Gorrotxategi 6 urtez egon zen Saturrarango kartzelan, Gurutze Gorrikoa zen eta etsaia laguntzea leporatu zioten"

 Izan ere, bera Gurutze Gorriko kidea zen, erizaina hain zuzen, eta zigortu zuten etsaia laguntzeagatik! Nola ez dituzte miliziarrak edo gudariak artatuko Gurutze Gorrian!? Horregatik bizi osoko zigorra ezarri zioten.

Rosa Gorostizaga liderra zen herrian. Hortaz, Espainiaren aurkaritzat jo zuten eta erbestera jo behar izan zuen. Lehenik eta behin, Estatu Frantziarrera, eta gero Ingalaterrara.

Zein izango da hitzaldiaren planteamendua?

Kasu jakinak aipatu ditugu, baina argi geratu behar da Arrankudiaga-Zollo herri txikia zela eta sekulako ekarpena egin zuela gerran. Bere tamaina eta jaso zuen errepresioa neurtzen badira, desoreka handia dago. Adibidez, Eduardo Gorrotxategiren gorpua ez da oraindik aurkitu. Astondoa anaietako bat Sabigainen hil zen eta beste bat faxistekin Teruelen, indarrez eraman baitzuten borrokatzera. Munduate herriko gazte bat Kantabrian hil zen faxisten kontra ere.

Oro har, zein izan zen gerraren eragina Arrankudiaga-Zollon?

Herria birrindu zuen gerrak. Ia gehienak faxismoaren aurkariak ziren, eta azalduko dugu zenbat espetxeratu eta fusilatu zituzten, baita konfiskazioak. Duela hiru urte oroitarria jarri zen herrian gudarien omenez, baina guk beste batzuk ere gehitu ditugu ikerketan.

"Gerrak herria txikitu zuen"

 

Politikoki herria oso garrantzitsua zen EAJrentzat. Esaterako, Jesus Solaun Bizkaia Buru Batzarrekoa zen eta erbestera jo behar izan zuen. Ramon Azkue Eusko Gudarosteko burua zen eta Santoñan fusilatu zuten.
EAJ indar hegemonikoa zen, ezker errepublikarreko zenbait militante egon baziren ere. Frankismoaren 40 urte eta gero, EAJren nagusitasuna apur bat galdu zen. Adibidez, lehenengo hauteskundetan Ezker Abertzaleak lortu zuen alkatetza bi botoren aldearekin.

Zer gertatu zen errefuxiatuekin?

Maiatzean hustu zen Arrankudiaga-Zollo, eta gehienak Sodupe edo Zallara joan behar izan ziren.

Gerrak orbain handiak utzi zituen, orduan?

Argi esan behar da hemen erresistentzia basatia egon zela faxismoaren aurka. Bereziki ANV-EAEren aldetik. Faxistak gelditu zituzten Lemoan, Bizkargin, Larrabetzun... atzera egin zuten ezin zutelako gehiago.

"Erresistentzia ikaragarria egon zen hemen faxismoaren aurka"

 

Indar faxisten nagusitasun militarra erabatekoa zen, batik bat hegazkinei esker. Horrez gain, tanke eta artilleria hobea ere  bazuten. Gure eskualdean, esaterako, gudariek eta miliziarrek San Pedro menditik 3 aldiz bota zituzten faxistak Untzaraino. Faxistek nahi zuten Bilbo erasotu hemendik sartu ondoren, eta ezin izan zuten. Lubaki bat bonbardatzen zuten eta hurrengo egunean berriz hor zeuden gudariak eta miliziarrak borrokatzen. Sarraski hutsa izan zen, laguntzarik eta bitartekorik ez baitzuten. Erabakigarriak izan ziren nazien eta faxisten hegazkinak. Kontuan hartu behar dugu II. Mundu Gerraren atarian geundela, eta gure eskualdea bilakatu zutela laborategia, teknika militar berriak probatzeko.

Hitzaldiaren ondotik, zerbait gehiago egingo duzue?

Herritar batzuen artean Burdin Hesia berreskuratzeari ekin diogu. Laudion eta Ugaon egin den lana ikusita, Arrankudiaga-Zollon hutsunea geratu da. Hori konpontzeko udalarekin harremanetan jarri ginen eta Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutuarekin.


Badirudi proiektuak aurrera egingo duela, topatu ditugu lubakiak, markatu ditugu eta espero dugu diru-laguntza jasotzea auzolanean berreskuratzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa