"Duela 109 urte suntsitu zuen tximista batek Andra Mari eliza, egunkari askotan atera zen berria"

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko ots. 13a, 18:45

Gaur 109 urte suntsitu zuen tximistak eliza. / Ezkurra hilero

Txomin Egiluz historia ikerlariak tximistak eliza hondatu zueneko gertaera aztertu du. Orduko 50.000 pezetako kalteak eragin zituen ezbeharrak. Gaurko egunez, egunkari askotan atera zen berria.

1909ko otsailaren 13an, gaurko egunez, "El Nervion" egunkariak lehen orrian jaso zuen albistea. "Tximista batek Andra Mari elizako dorrea txikitu zuen, kupula barne", adierazi du Txomin Egiluzek. Artikuluan aipatzen denez, erlojua eta sarrera ere suntsitu zituen deskarga elektrikoak, baita beste zenbait objektu ere: zutabeak, armiarma-sareak, sakristiako zati bat... "Jose Rotaetxek aldamenean zuen taberna, eta bertara ere sartu zen. Diotenez, ardo botila batek gelditu zuen tximista", erantsi du historiazale arrankudiagarrak. Ezbeharrak argirik gabe utzi zuen herria, eta kalteak -orduko prentsaren arabera- 50.000 pezetakoak izan ziren.

Egunkarietan oihartzun handia
Egunkari askotan jaso zuten gertaeraren berri. "El Nervion" komunikabideak, esaterako, azalera eraman zuen albistea. Rotaetxeren etxeko eskailerak eta eraikinaren goiko zatia oso kaltetuta geratu ei ziren, eta Arrankudiagako kableak argindarrik gabe, zeharo puskatuta. "Elizaren berriztapenak 50.000 pezeta baino gehiago balioko zuela zioen 1909ko otsailaren 13ko kronikak":

Madrileko "La correspondencia de España" egunkarian ere azaldu zen gertatutakoa.  Albiste formatutik harago, iritzirako helduleku ere izan zen, "El Motín" agerkariaren 1909ko martxoaren 4ko "El trabajo única base del bienestar" zutabean kasu. "Bertan Arrankudiaga oso herri katolikoa zela aipatzen da, baina hori ez zela aski izan tximista elizaren gainean ez erortzeko", zehaztu du Egiluzek. Horiez gain, "El siglo futuro" eta "Eusko media Kultura-topagunea" argitalpenetan ere topatu du notizia.

Berreskuratze proiektua
Egunkarietako araketatik harago joan da, ordea, Egiluz. Arrankudiaga-Zolloko udaletxera jo du informazio gehiago biltzeko asmorekin, eta bertatik eskuratu du Cecilio de Goitiak eliza konpontzeko aurkeztutako berreskuratze plana, 1909ko martxoaren 3ko data duena. "Gaur egun dagoen bezala geratu zen eliza, 1937an botatako bonbek eragindako kaltea kenduta".

"Argazkian primeran ikusten da tximistak kupula nola bota zuen. Dorreko harriez gain, zutabea eta koroaren teilatua apurtu zituen tximistak, portikoko teilatua barne". Horrez gain, Jose Rotaetxeren taberna-aroztegian eragindako txikizioa antzat hartu behar dela azpimarratu du: "Etxe hori gaur egungo Elexondoko taberna da, aroztegia egun existitzen den teilatupe txiki baten aldamenean zegoen"

Herriko historia berreskuratzeko lanean dabil egun Egiluz, zaletasun gisa. Arrankudiaga-Zollon Gerra Zibilak izandako eragina eta burdin hesiaren nondik norakoak ere ikertu ditu:

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide