[HISTORIAREN ISTORIOAK] Rosa Gorostizaga: errefuxiatuak hartzetik, errefuxiatu izatera

Erredakzioa 2018ko mar. 18a, 18:00

Ilustrazioa: Aimar Gutierrez Bidarte

Txomin Eguiluz eta Markel Iturrizarren ikerketetan oinarritutako testua, Aitor Aspuru Saezek idatzia.

HIstoriak errepikatzeko joera badu, pentsatu behar dugu gaur egun Sirian gertatzen dena, nolabait, estatu espainiarrean eta Hego Euskal Herrian jazo zela 1936an: gerra, atzerriko herrien bonbardaketak, errefuxiatuak... Eta hedabideek ikusten uzten ez badigute ere, une kritikoetan bere gizatasunaren alderik onena ematen dutenak ere.

Horietako bat zen Rosa Gorostizaga, 1873. urtean jaioa. Arrankudiaga-Zollon bizi zen emakume hori diruduna zen, baina horrek ez zuen bilakatu itsu edo gor behar larriak zituzten lagunen aurrean. Horrela, gerra hasi zenean, pertsona aktiboa izan zen elkartasunaren esparruan. Kasu horretan, gainera, ondo erabilia dago elkartasun hitza, eta ez karitatea. Izan ere, Emakume Abertzale Batza EAJko antolakundetik, Rosak ahalegina egin zuen errefuxiatuak laguntzeko.

Horri esker 100 errefuxiatu inguruk, asko gipuzkoarrak, bukatu zuten Arrankudiaga-Zollon. Aintzat hartu behar da kopuru hori oso handia zela, berez; udalerriak 800 biztanle zituen, gutxi gorabehera. Rosak berak Donostiako familia hartu zuen bere etxean, UGTko kideak, antza. Hori gutxi balitz, autoa (“Buick” bat, garai horietan benetako luxua), udalaren esku utzi zuen 1936ko abenduan gizarte laguntza sailerako. Zehazki, errefuxiatuentzako janaria garraiatzeko Bilbotik herrira.

Edonola ere, fronteak aurrera egin ostean, herritik ihes egin behar izan zuen, eta modu horretan Rosaren elkartasun jarduerak eten bortitza izan zuen. Bere burua salbatzeko Santoñara jo behar izan zuen, faxistek Bizkaia hartu zutenean. Emakumearen azkenengo uneak izan ziren horiek Euskal Herrian, gero Ingalaterrara jotzeko eta, bukatzeko, Mexikora. Erbestean hil zen, bere aberria berriro ikusi gabe.

Hala eta guztiz ere, bere itzala herrian luzeagoa izan zen. Berez, faxistek boterea eskuratu bezain laster, mendeku politikak abiatu zituzten eta Rosa jarri zuten jomugan. Ekainaren 19an sartu ziren herrian frankistak eta 3 egun beranduago udal osoko bilkura berria eratu zuten. Horren ostean, salaketak, kaleen izenen aldaketa eta errepresio gordina abiatu zuten.

Nola ez, Rosa Gorostizagak horretan ere izan zuen protagonismoa, zoritxarrez. Horren adibide ugari topatu dituzte Markel Iturrizar eta Txomin Egiluz ikerlariek. Esaterako, Falangistek eta Tradizionalistek Arrankudiagako Udalaren izenean txostena osatu zuten Orozkoko epailearentzat, bere ondasunak konfiskatzeko. Espediente horretan adierazi zuten abertzale nabarmena zela eta propaganda egiten zuela altxamenduaren kontra. Komandantziari ere jakinarazi zioten “antiespainola” eta mugimendu faxistaren etsaia zela. Horren ondorioz, agintari frankistek 3 etxeak kendu zizkioten Rosa Gorostizagari, “separatista ospetsua” izateagatik.

Hala eta guztiz ere, Rosa ez zen izan errepresioa pairatu zuen emakumezko bakarra, inondik inora. Herriko beste emakume batek zapalkuntza jasan izan behar zuen bere lana betetzeagatik; Prudentzia Gorrotxategik, hain zuzen. Erizaina zen Gurutze Gorrian, eta milizianoak eta gudariak artatzeagatik 6 urte igaro behar izan zituen Saturrarango espetxean, etsaia laguntzea leporatu baitzioten. Ondarrun kokatutako emakumezkoentzako kartzela hori leku lazgarria izan zen eta bizi-baldintzak izugarri gogorrak zituen; pilatuta egoten ziren presoak, eta gosea, errepresioa eta zigorrak arruntak ziren. Higiene ezaren ondorioz gaixotasun ikaragarriak hedatzen ziren; tifusa edo turbekulosia, esaterako.

Bi emakume horien patua herrian beste hainbestek jaso zuten sufrikarioaren isla da. Mola Jeneralak erasoaldia hasi zuenean mobilizazio orokorra deitu zuten eta 18 eta 40 urte bitarteko 100 bat arrankudiagarrek erantzun zuten. Horietako asko atxilotuak izan ziren Santoñan, eta etxera itzuli ziren edo espetxealdiari aurre egin behar izan zioten. Baina EAJko, ANVko edo sozialismoaren hainbat militantek ez zuten porrota ere ikusi, guda zelaietan utzi baitzuten bizitza. Anteró Aretxagaren kasua da hori, UGTko militantea. Asturiasen hil zen, Nalón ibaian egindako erasoaldian. Sasetarekin batera zegoelarik. Munduate gaztea borrokan erori zen Kantabrian. Astondoa anaietako bat Sabigainen hil zen eta beste bat, ordea, faxistekin Teruelen, indarrez eraman baitzuten borrokatzera. Eduardo Gorrotxategiren gorpua ez da oraindik aurkitu. Ramon Azkue eta Angel Egañaren zorigaitza bestelakoa izan zen, faxistek fusilatu baitzituzten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide