“Gizartekide txartela” sortu du Gizarte Etxeak, Arrankudiaga-Zolloko bizilagunak bazkide egin daitezen, 3 euroren truke. Hainbat abantaila eskainiko ditu txartelak.
Alde batetik, aukera emango du espazioa erreserbatzeko: “ikastaroak egiteko, ideiak azaldu edo plazaratzeko, bilerak antolatzeko edo bazkari, afari eta askariak prestatzeko”.
Horrez gain, Gizarte Etxean egiten diren jarduerei buruzko informazioa jasoko dute bazkideek.
Hala azaldu dute etxea kudeatzen duen auzokide elkarteko kideek. Aurreratu dutenez, “auzokideekiko konfiantzan” oinarrituko da funtzionamendu berria, “instalazioak ondo erabiltzeko eta aurkitutako moduan edo hobeto uzteko izan behar den ardura abiapuntutzat hartuta”.
Elkartetik nabarmendu dute Gizarte Etxea “irekia eta plurala” dela, “herriko pertsonen parte-hartzeari eta lanari esker mantentzen da, herriagatik eta herriarentzat”.
Hori dela eta, azpimarratu dute “ezinbestekoa” dela auzokide guztiek ekarpena egitea, “ahal den guztian lagunduta etxeak herriarentzat funtzionatzen jarrai dezan”.
Gizarte Etxearen webgunea baliatu daiteke txartela eskatzeko.