Herriko bideen inbentarioa egin nahi du Arrankudiaga-Zolloko Udalak. Sendoa S.L enpresa kontratatu du horretarako tokiko erakundeak, lana zortzi hilabeteko epean egin dezan. Horrez gain, bilera irekia egin zuten atzo, egitasmoa herritarrei aurkezteko. Proiektuaren nondik norakoak eta prozesuaren lan metodologia plazaratu zituzten bertan.
Tokiko erakundearen arabera, hainbat motatako bideak barnebilduko ditu inbentarioak: “ibilgailuentzako bide nagusiak direnak zein tradiziozko zoladurarik gabekoak eta oinezkoentzakoak hartuko dira kontuan”. Azaldu dutenez, “metodo historiko-geografikoa” baliatuko da bideak identifikatzeko. Prozesu “parte-hartzailea” izango dela nabarmendu dute, “auzokideen zein interesa duten guztien parte hartzeari hasieratik amaierara irekita egongo dena”. Gauzak hala, aurkezpen publikoak, alegazioak aurkezteko epeak eta bestelako baliabideak erabiliko dituzte prozesuan.